Profesionalak prestatzeko eta pertsonen garapena zein enplegagarritasuna bultzatzeko ekinbidea etenik barikoa da Fagor Ederlanen. Horren adibide da Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin batera diseinaturiko neurrirako trebakuntza plana. Oro har, kooperatiban dauden profil akademiko txikiko langileak birkualifikatzea du hark xede nagusi. Horrenbestez, prestakuntza planaren filosofia hertsiki dago loturik erakundearen balio kooperatiboekin, eta, bide horretan, bi dira haren helburu nagusiak: langilearen barne sustapenerako aukerak zabaltzea eta kooperatibak berak lanpostuen artean mugitzeko aukera gehiago izatea -lanpostu gehiagotan jardun ahal izango du langileak-. Fagor Ederlaneko 40 langilek baino gehiagok eman dute izena dagoeneko 2021eko azarotik 2022ko ekainera bitartean egingo den 376 orduko trebakuntza planean.
Mondragon Unibertsitateak eskainiko du prestakuntza. Ez da esperientzia bariko bidea hezkuntza zentroarendako: urtean 7.000 pertsona baino gehiagori eskaini ohi die gisako prestakuntza lanean dauden langileei. Eta, oro har, egitasmoa lagungarri da lehiakortasuna hobetzeko. Horretan laguntzeko borondatea azpimarratu du Goiuria Sagardui ingeniaritza fakultateko etengabeko prestakuntzako arduradunak:”Ulertzen dugu langileak birkualifikatzea alderdi kritikoa izango dela erakundeentzat datozen urteetan, eta enpresei profesionalen prestakuntzan eta espezializazioan lagundu nahi diegu”.
Planaren diseinua, elkarlanean
Mondragon Unibertsitateak eta Fagor Ederlaneko prestakuntza teknikariek diseinatu dute plana, ondo ezagutzen baitituzte beharrak eta eman beharreko gaiak, beti ere, Fagor Ederlanen errealitatera, erreferentziazko lanpostuen ezaugarrietara eta inplikatutako prozesuetara egokitzen den ikuspegi teoriko praktiko bat lortzeko bidean. Horrenbestez, kooperatibaren jarduerarako funtsezko diren teknologietako gaitasunak landuko dira nagusiki -hor daude galdaketa, mekanizazioa, automatizazio sistemak eta prozesuen antolaketa-.
Euren aldetik, egitasmoaren bultzatzaileek argitu dute malgua dela prestakuntza programa, eta, besteren artean, leku bat baino gehiagotan garatuko dela, hainbaten artean, lantegi desberdinetan txandaka lan egiten duten langileek eta gai bakoitzean aditu diren hogei bat irakaslek hartuko dutelako parte prozesuan. Ostera, bikoiztuta emango da programa -eduki bera, bi aldiz egunean-, zenbait tokitan –streaming bidez ere eskainiko da-; eta irakasle laguntzaileek egunero hartuko dute parte.
Gainera, simulazio birtualak eta praktikoak egingo dira MGEPen laborategietan eta Fagor Ederlanen produkzio instalazioetan. Raquel Belategi Fagor Ederlaneko prestakuntza programaren arduradunak apustu estrategiko gisa du ekinbidea: “Prestakuntzako eta trebakuntzako plan hau onura, erronka eta aukera bat da Fagor Ederlaneko parte hartzaileentzat. Jakin badakigu ahalegin handia egin behar dela horretarako, baina programa honen bidez polibalentzia eta garapen pertsonala nabarmen handitzea lortzen da, eta, ondorioz, Fagor Ederlanen emandako balio erantsia eta enplegagarritasuna ere nabarmen handitzen dira. Parte hartzaileak gai izango dira erronka eta erantzukizun berriak beren gain hartzeko, garatzeko eta hainbat proiektutan parte hartzeko. Apustu estrategikoa da, zalantzarik gabe”.