Fagor Ederlan kooperatibak Basque Circular Best saria jaso du ekonomia zirkularrari egindako ekarpenagatik. Ihobe ingurumen-jarduketarako sozietate publikoak bultzatutako sariketa da Basque Circular Summit, eta lehenengo aldia da EAE mailan produktu, zerbitzu edo negozio eredu onenak saritzen dituela. Fagor Taldeko kooperatibaz gain, Somos Oreka, Gamesa Gearbox eta Fuelim enpresak saritu dira.
Fagor Ederlanek, zehazki, produktu zirkularraren saria irabazi du, haren aluminiozko Portamanguetas STA produktuagatik. Produktu hori ibilgailu baten segurtasunerako funtsezko osagaia da, eta hiru sistema lotzen ditu: norabidea, moteltzea eta balaztaketa. Epaimahaiek bi faktore izan dituzte kontuan saria banatzeko garaian: portamangetaren aluminiozko diseinu berritzailea, lehengaiaren % 80 sekundarioa duena; eta % 51ko pisu murrizketa.
Basque Circular Summit sariak ekonomia zirkularrerako bidean dauden euskal enpresak aitortzeko ekimena da. Honela adierazi du Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusiak: “Sari hauek katalizatzaile bat dira enpresa gehiago jardunbide jasangarriak hartzera bultzatzeko, lurraldeko ekonomia eraldatu dezakeen efektu biderkatzaile bat sortuz”.
Ekonomia zirkularraren aldeko apustua
Ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren aldeko apustu sendoa du egina Fagor Ederlan kooperatibak. Ingurumen inpaktua murrizteko helburuarekin, zenbait dira kooperatibak martxan dituen proiektuak.
Oro har, 2032rako, berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko konpromisoa hartu du. Eta ekonomia zirkularra sustatzeko eta produktu zein prozesuetan goi mailako kalitatea lortzeko ari da lanean, Edertek berrikuntza zentroarekin. Gainera, automozio sektorean elektrifikazioranzko bidea egiten jarraitzen du. Horri lotutako erreportaje bat landu zuen Enpresabidea hedabideak duela zenbait aste.