Skip to main content

Fagor Automationek ekimen berri batekin ekin dio 2025ari: sektore alternatiboak eraldatuko ditu makina-erremintetatik haratago. Smart Encoder System du izena ekimenak. Proiektu hori zenbait industrietan sartuko da, erdieroaleetan, metrologian eta zientziako instalazio handietan, esaterako.

Desplazamenduzko abiadura handiko makina eta sistemei soluzio berriak eskaintzea da negozioaren helburua. Hots, zehaztasuna da negozio berri honen lehentasuna, ondorengo beharrak asetzeko: produkzioa eta neurketa ekipoa erdieroaleen industrian; zirkuituak muntatzeko makinak; zehaztasun handiko makina-erremintak; eta motor linealak.

Negozio berriak aurrerapauso handia dakar Fagor Automationentzat, aukera berriak sortuz eta haren soluzioak sektore desberdinetara zabalduz. Apustu berriarekin, kalitate handiko produktuak eskaintzeaz gain, industrian berrikuntza sustatzeko lanean jarraituko du kooperatibak.