Skip to main content

Landu berri duen genero-berdintasuneko jardunbide egokien identifikaziorako azterlanaren haritik, Fagor Automation kooperatiban emakumeek duten presentzia nabarmendu du Spri Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Zehatz esanda, langileen %37,6 dira emakumeak -%21,74koa da azterlanean parte hartu duten 500 industria enpresen batez bestekoa-. Besteren artean, Spriren esanetan, kooperatibaren ekoizpen lanen ezaugarriek eragiten dute hori: “Eskuzko trebetasun handia eskatzen duten elementu txikien ekoizpena da nagusi. Hori da datu positibo horren arrazoi nagusia“. Gainera, parekoak dira produkzio eta IKT sailetako gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak (%40-%60) -ikerlanean parte hartu duten enpresetan, produkzioan, %11koa da emakumeen presentzia; eta, %7koa, IKTan-.

Oro har, Fagor Automationek “modu positiboan“ baloratzen du emakumeen presentziak izaniko bilakaera, baina, aitortzen du, nahiko lukeena baino motelago doala prozesua,  profil jakin batzuetarako emakumeak aurkitzeko dauden zailtasunak medio. Ingeniaritzan, adibidez, % 35 dira emakumeak; merkataritza arloan (managerra), ez da emakumerik; eta I+G+b arloan, % 25 dira emakumeak. Bestalde, zenbait sail, nabarmen daude feminizatuta: administrazioan, % 60 dira emakumeak, eta, giza baliabideetan, % 100. 

Ostera, industria-enpresa gehienek bezala, heltzen zaizkion emakumeen hautagaitzak nahiko lituzkeenak baino murritzagoak direla aitortu du kooperatibak, eta kosta egiten zaiola emakumeak tarteko karguetan izatea. Egoera horri buelta emateko, Alecopekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta EHUrekin ditu akordioak, lanbide-heziketako eta unibertsitateko ikasleek aukera izan dezaten hasierako fasetik Fagor Automationekin bat egiteko.

Balioen eragina

“Fagor kooperatibismoaren sorlekua da eta nabari da. Kooperatiba kulturak badu eragina. Gainera, produkzioaren ezaugarriak direla eta, beste enpresetakoak baino malguagoak diren kontziliazio-politikak egon daitezke Fagor Automationen”, azaldu dute kooperatibatik. Bide horretan, emakumeak kooperatiban eta industrian betetzen duen rola ikusarazteko ekimenak ere bultzatzen ditu, kontzientziazio-kanpainak, eta, Arizmendi ikastolarekin elkarlanean, 16 urteko neskentzako antolatutako ate irekien jardunaldiak, adibidez.