Azkoitiko (Gipuzkoa) Xubi Engranajes enpresari eman dio Fagor Arrasatek 2020ko Hornitzaile Onenaren Saria. Doitasunezko engranajeen ekoizpenean espezializatua da Xubi. Bada, Fagor Arrasateren izenean, Andoni Olabarriak izan du Aitor Sudupe Xubiko gerenteari saria ematearen ardura.
Sari honekin, 2020an lortutako “kalitatearen bikaintasuna, entrega eta lehiakortasun-epeen betetze maila” aitortu gura izan dizkio Fagor Arrasatek enpresa azkoitiarrari. “Fagor Arrasateren DNAren parte dira bere partenerrekin duen lankidetza, hurbiltasuna eta elkarlana”, gaineratu du kooperatibak.
Lehen mailako hornitzaileekin duen lankidetza estuari esker, munduko liderretako bat bihurtu da Fagor Arrasate ekipamendu-ondasunen diseinuan eta fabrikazioan. Besteren artean, hor daude estanpazio-prentsa eta instalazio automatikoak, eta altzairuzko zein aluminiozko ebaketa-lineak.