Skip to main content

Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak ekoiztuko ditu Mexikoko Ternium enpresarentzat. Taldeko kooperatibarentzat Mexiko da merkatu nagusienetako bat, eta fakturazio guztiaren % 12 bertatik dator. Gainera, esan beharra dago Hego Amerikako altzairu ekoizle handiena dela Ternium. Enpresak 18 ekoizpen zentro ditu Argentinan, Brasilen, Kolonbian eta AEBetan, besteak beste.

Zehazki, Taldeko kooperatibak altzairuzko bobinak prozesatzeko automatizatutako bost linearekin hornituko du Mexikoko enpresa. 40 milioi euro inguruko balioa duten ebaketa-lineak dira. Horietako lau 0,4 eta 16 mm-ko lodierako bobinetarako luzera-mozketako lineak dira. Bestea, 25 mm arteko lodierako bobinetarako zeharkako mozketako linea izango da. Dagoeneko bost linea horietatik lau ekoizten hasi dira, eta laster hasiko dira bosgarrenarekin.

Bost lineak, Terniumek Monterreyko iparraldetik hogei bat kilometrotara dagoen Nuevo Leon izeneko herrian duen industria-gunean instalatuko dira. Bertan, 1.000 milioi dolarreko inbertsioa egiten ari da Ternium, ekoizpen gaitasuna handitzeko asmoz. Enkargu horrekin merkatuan duten posizioa sendotuko dutela adierazi dute Fagor Arrasatetik.

Fagor Arrasate, Mexikon

Fagor Arrasatek Mexikoko eskualdean duen presentzia indartu egin da azken urteotan. Bertako herrialdeko eta inguruko lurraldeetako bezeroei arreta hurbilagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzea da horren helburua. Kooperatibak 2017an Queretaron (Mexiko) ireki zuen bere lehen lantegia. Garabidun muntaketa planta bat dute bertan. Muntaketa, programazio, proiektuen kudeaketa eta salmenta arloko langileak ditu.