Hi-Prest egitasmoa jarri berri du martxan haren sektorean Espainiako Estatuko lider den Sener Aeroespacial enpresak -proiektuaren parte dira Fagor Aotek eta Fagor Automation-. Bada, hornitzaile-politika aldatzen hasia da egoitza Getxon duen Sener: EAEko enpresak lehenesteko hautua egin du produktuen hornitzerako eta garapenerako. Finean, EAEko enpresak barnebiltzen dituen enpresa egitasmo berria mugarri litzateke hazten segitzeko gaitua legokeen sektorearendako, eta esangura handia luke haren parte direnendako -urtean 360.000 milioi dolareko negozio bolumena du aeroespazialen sektoreak-.
Hain zuzen ere, 7 milioi euroko aurrekontuarekin dihardute proiektu berriaren bultzatzaileek, 2022. urtean egikaritzeko aurreikuspenez. Eta sateliteetan dauden teleskopioek egiten dituzten argazkien kalitatea handitzea dute helburu. Hartarako, zehaztasun handiko eskaner bat sortzen dabiltza. Ez da hutsetik hasiko den egitasmo bat, izan ere, Sener Aeroespacialek dagoeneko sortua du gisako gailu bat, Meteosat Hirugarren Belaunaldia programaren baitan: gai da haren kokapenarekiko 36.000 kilometrotarainoko distantziara dagoenaren irudiak zehaztasun handiz hartzeko.
Esan moduan, Sener enpresa tematuta dabil tokiko hornitzaileekin sorturiko kontsortzioa sortzeko zereginean, NASA eta Europako Espazio Agentziarekin sinaturik dituen kontratuak erdigunean, beti ere. Hala, egitasmo berrian, sei lirateke Sener enpresaren bide kide zuzenak: Fagor Aotek, Fagor Automation, Ulma Embedded Solutions, Egile, Korta e Ibarmia. Horiez gain, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak, EHUk eta Tecnaliak ere esku hartuko lukete proiektuan.
Ardurak, banatuta
Kontsortzioko kideek banatuak dituzte ardurak. Zehatz esanda, zehaztasun handiko encodersak eta posizio kontrolaren algoritmoak izango ditu langai Fagor Automationek, Ulma Embedded Solutionsekin elkarlanean. Jose Emilio Oti Fagor Automationeko Ikerkuntza eta Garapen zuzendariaren esanetan, teknologia berriak ikertzea, ezagutza berriak erurenganatzea eta ekoizpen prozesuak hobetu beharra ekarriko die egitasmo berriak. Eta horretan geratu barik, azaldu du presente dauden beste sektoreetako produktuetan hobekuntza ere eragingo duela, “teknologikoki gainerako enpresengandik bereiztea ahalbidetuz”.