Fagor 2030 estrategiaren bitartez, Fagor Taldeak ekarpena egin gura dio iraunkortasunari, beti ere, kooperatibismoak berezko dituen ezaugarrietatik. Horretarako, hamarkada honi begira hartuak dituen bost konpromiso nagusiak betetzeko dihardu lanean: lehiakortasuna eta berrikuntza, gobernantza, pertsonen zaintza, planetarekin konpromisoa eta garapen komunitarioa
Gizartearekiko konpromisoa oinarri, hasia da iraunkortasunaren bidea
Berriki ekin dio Fagor taldeak azken urteetan eraikitako Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren bideari, 2021eko maiatzaren 26an hark eginiko Batzar Nagusian onartu ondotik. Esan barik doa Fagor 2030 ez dela egun batetik bestera eraikitako egitasmoa. Hain zuzen ere, 2019. urtean egin zituen lehen urratsak, barne lanketari hasiera ematean: iraunkortasuna gizartean eta merkatuan hartzen ari zen garrantzia ikusita, hausnarketa prozesu bat hasi zuen Fagor Taldeak –elkarrizketak, galdetegia, Focus Groupak, formakuntza saioak… egin ziren fase horretan–, eta egitasmoa bera definitzen hasi zen. Behin definituta, barnean aurkezteko ordua heldu zen –batzorde desberdinetan, bazkideen artean…–. Eta, azkenean, onartu egin zen. Hasia du bidea.
Oro har, esan daiteke planetaren muga biofisikoekin egin duela topo energia eta materialen kontsumo hazkorrean oinarritutako garapen ereduak, etorkizuneko belaunaldien ongizatea kolokan jartzea dakarten arazoak sortaraziz –horien artean da klima aldaketarena–. Horrela mintzo da Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna: “Iraunkortasunak, indarrean den eredu ekonomikoan sakoneko aldaketak egitera behartzen du mundua. Erregai fosiletan oinarritutako ekonomia eredu lineal batetik, energia berriztagarrietan oinarrituko den eredu zirkular bateranzko trantsizioa egin beharra dugu halabeharrez”.
Mundu mailako erronka
Garapen iraunkorraren kontzeptua ez da azken hilabeteetan sorturikoa –1987an hasi zen zabaltzen–. Haren arabera, egungo beharrak asetzeak ez luke inolaz etorkizuneko belaunaldiek eurenak asetzeko izango luketen gaitasuna deuseztatu behar. Alegia, ezingo lirateke planetaren muga biofisikoak gainditu. Baina muga horietatik at zihoan errealitatea: muga biofisikoak gainditzen hasia zen gizartea, eta, horren eraginez, goraka egin zuen klima aldaketarekiko kontzientziak. Eta horrek izan du eraginik mundu mailako erakundeetan: Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bultzatuta, Parisko akordioa sinatu dute azken urteetan munduko agintariek, arazoari kontra egiteko hainbat konpromiso eurenganatuz –hor daude planetaren tenperaturaren igoera industraurrekoa baino 2ºC baino gutxiagokoa izateko helburua, 2050. urterako berotegi-efektuko gasen isurketa garbiak zerora jaistekoa…–.
Horrek guztiak inpaktu zuzena izango du Fagor Taldeko kooperatibetan. Bada, agertoki berri horretara moldatzeko ibilbide orria zehaztu da Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren bitartez. Eta, hain zuzen ere, pertsonak erdigunean daudela egin gura da hori guztia, Taldeak berezko duen izaera kooperatiboa balioan jarriz eta indartuz, eta erakunde moduan dituen erronketara mugatu barik, lurraldearen eraldaketan inplikatuz, besteren artean. “Gure proiektu kooperatiboa berritzeko aukera moduan ikusten dugu iraunkortasuna Fagor Taldean”, gaineratu du Iraunkortasun arduradunak.
Bost ardatz, norantza eta norabide berean
Negozioak eraldatu gura ditu Fagor Taldeak, ekonomia digital, deskarbonizatu eta zirkular baten testuinguruan enplegua sortzen segitzeko. Aurreikuspenen arabera, industriak nabarmen nabariko du digitalizazioranzko eta deskarbonizazioranzko joera. Hori horrela, lehiakor izaten jarraitu gura badu, negozio eta ekoizpen ereduak zein produktu kartera moldatu behar ditu kooperatiba taldeak. Horretarako, beharrezko lirateke berrikuntza eta etorkizunari aurrea hartzeko anbizioa.
Gobernantza eredu demokratikoa hobetzen eta garatzen segitu guran dabil Fagor Taldea. Finean, bazkide bat, bozka bat printzipioa oinarri duen gobernantza demokratikoa da haren bereizgarri nagusia. Eta horixe bera hobetzen segitzeko konpromisoz dihardu, besteren artean, organo ezberdinetarako hautatutako pertsonei formazio egokia emanez eta kultura kooperatiboan sakonduz.
Kideek euren onena eman dezaten, testuinguru egokiak sortu gura ditu. Taldearen ustez, horixe da negozioen lehiakortasunerako ardatz, eta, hori horrela, pertsonen inplikazioarendako eta konpromisoarendako mesedegarri izango diren testuinguruak sortu gura ditu, hainbaten artean, talde lana bultzatuz, garapen pertsonala eta profesionala uztartuz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuz, Taldeko kideen osasuna zainduz edota euskaraz lan egiteko aukera eskainiz. Gaur-gaurkoz, esaterako, martxan da euskara plana eta hasia dago genero berdintasunari loturiko lanketa.
Larrialdi klimatikoari aurre egiteko zereginean, karbono aztarna murriztu gura du Fagor Taldeak, Parisko akordioan eta Europako Itun Berdean finkaturiko helburuekin koherentzian. Izan ere, arazoaren parte den heinean, soluzioaren parte izatea dagokio. “Larrialdi klimatikoari aurre egin eta belaunaldi berriak ez hipotekatzeko, dagokion konpromisoak hartu behar ditu bakoitzak”, argitu du Aritz Otxandiano Kanpo Taldeko iraunkortasun arduradunak. Fagor Taldeko kooperatibak heldua diote karbono aztarnaren gaiari.
Lurraldearen eraldaketan inplikaturik egon gura du Fagor Taldeak. Bada, komunitatearekiko konpromisoak ezaugarritu du sortzetik, eta halaxe segi gura du etorkizunean ere. Hartarako, lurralde erronketan inplikatzeko konpromisoa berretsi du Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren bidez, beti ere, gainontzeko eragileekin lankidetzan jarduteko konpromisoz, gizarte autoeratu, inklusibo eta iraunkor bat ipar izanda. Horri dagokionez, askotarikoak dira 2021. urtean zehar martxan izandako ekinbideak: Fagormugi, Gizabidea Fundazioaren bidezko laguntzak, Debagoiena 2030, Bizipozarekin hitzarmena, Errigoraren kanpainak, COVAX programa, Mundukideri sostengua…
Fagor Ederlan presente Nazio Batuko Erakundearen proba pilotuetan
Enpresek Garapen Iraunkorrerako Helburuei egiten dieten ekarpena neurtu guran ari da Nazio Batuen Erakundea (NBE). Gaur-gaurkoz erabiltzen diren adierazleekin aski ez denaz jakitun, zerrenda osatuago bat landu du. Horretara mugatu barik, adierazle berri horien bitartez, balioan jarri gura du ekonomia sozialeko enpresek iraunkortasunari egiten dioten berariazko ekarpena.
Orain, proba pilotuekin dabiltza munduko ekonomia sozialeko eta bestelako zenbait enpresetan. Eta Fagorrek badu presentziarik horietan: Fagor Ederlan da NBEren proba pilotuekin dabilen enpresetako bat –urtarrilean eman zitzaion hasiera ekinbideari–. NBEk landuriko indikadoreen araberako txostena egin du eta erakundearen eskuetan utzi, hainbaten artean, haien erabilgarritasunaren baloraziorako. Proba pilotuaren helburua da, indikadoreen erabilgarritasuna baieztatu ostean, iraunkortasunaren inguruan indikadore komunak inplantatzea erakunde guztietan.
Fagor Taldeko 2020ko memorian nabarmendu beharreko datuak
Fagor Taldea 2020ko memoria landu zuen iaz, eta, hartan, hainbat datu nabarmentzen dira. Iraunkortasunari loturiko zenbait daturen laburpen moduko bat eskaintzen du ondorengo irudiak: