Fagor Arrasatek eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MU-EPS) lankidetza hitzarmena berritu dute, xafla estanpatzeko, prozesatzeko eta ebakitzeko sistemen fabrikazio adimendunerako teknologien garapena bultzatzeko.
Konformatzeko eta ebakitzeko lineen diseinuan munduko enpresa espezialista denarekin hamarkada batez lankidetza arrakastatsua izan ondoren, haren Koniker I+G Unitatearen eta euskal unibertsitatearen artean hitzarmen berri bat sinatu dute ahaleginak batzeko, elkarren artean ikerketa-proiektuak egin eta ezagutzak trukatzeko. Lankidetzak altzairuzko xafla, aluminioa eta material konposatuak eraldatzeko sistema adimendunak garatzea bultzatuko du, urruneko gainbegiratze-zerbitzuak barne izanda. Zehazki, Fagor Arrasate espezialista den teknologia nagusiak landuko dituzte, hala nola, automobilgintza eta siderurgiako sektoreetarako lauketa, tolestea, ebaketa, konformazioa, profilaketa, robotika eta automatizazioa.
Lankidetzak Industria 4.0ren garapena azpimarratuko du, urruneko ikuskapenerako eta datuak aztertzeko irtenbideekin. Era berean, sistema ziber-fisikoen inguruko ikerketa sustatuko da, Fagor Arrasateren produktuen eraginkortasuna, fidagarritasuna, sendotasuna, adimena, autonomia eta elkarreragin-prestazioak hobetzeko. Hori guztia, aplikazio eta sektore berrietarako metalak eraldatzeko teknologia eta prozesu aurreratuen garapena alde batera utzi gabe egingo da.
Garapen horiek Fagor Arrasatek eskaintzen dituen estanpazio eta prozesatze-sistemetan, ebaketa-lerroetan eta ekipo siderurgikoetan sartuko dira. “Horrela, gure produktuak gero eta teknologikoagoak izango dira eta, batez ere, mundu mailan lehiakorrak izaten jarraituko dute”, azpimarratu du Unai Lopez kooperatibako gerenteak.
Mundu akademikoaren eta enpresa-munduaren arteko aliantza horren arrakastaren gakoa ikerketarako ezagutza-transferentzia da, Carlos Garcia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariaren hitzetan. “Gure ikertzaileek ikertzen dutena mundu errealera eramateko aukera ematen digu akordio honek, eta, gainera, goi mailako ikerketa egiteko aukera”, dio. Beraz, bi aldeentzako “oso aberasgarriak” diren emaitzak lortzen dira. Lankidetzak, langile kualifikatuak erakartzen ditu eta ikertzaileentzako prestakuntza-ekintzak ere barne hartzen ditu.
Enpresa eta erakunde akademikoaren arteko 10 urteko elkarlan arrakastatsuaren ostean, akordioa berritu egin dute. David Chico Konikerreko zuzendariaren esanetan, “emaitzak ari dira ematen ikerketa proiektuak”. Hamarkada honetan 50 ikerketa-proiektu baino gehiago egin dira elkarrekin, horien artean hamaika europar. Gainera, lau tesi irakurri dira, beste lau martxan daude, eta 20 paperetik gora argitaratu dira nazioarteko kongresuetan eta JCR aldizkarietan. “Ikerketa taldeak erabat lerrokatuta daudela erakusten du horrek, eta hitzarmen berri honekin etorkizuneko erronkei irtenbidea eman ahal izango diegu”, aitortu du Chicok.
Ostera, euskararen erabilera elkarlanean bultzatzeko bi aldeen konpromisoa ere jasotzen du akordioak. Hori horrela izanik, proiektuak garatzeko giza baliabideetan euskararen ezagutzaren bermea sustatuko da, hitzarmenean zehazten diren tesi eta gradu amaierako proiektuetan euskararen erabilera bultzatuz.