Martxan da Fagor Taldearendako euskararen plan estrategikoa eguneratzeko prozesua. Besteren artean, aurrera begirako helburuak zehaztuko lituzke hark. Eta, horretan geratu barik, bitarteko litzateke misioa zehazteko eta lan ildo estrategikoen garapenean egindako urratsak sendotzeko. Euskararen Iraunkortasuna helburu. Zer nolako erronkak ditugu Fagor Taldean? izenburupean antolatutako saioarekin eman zaio hasiera prozesuari. Hain zuzen ere, Taldeko Euskara Batzordeak egindako aurre-gogoetak partekatu dira saioan. Eta, hainbaten artean, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esku hartu zuten hartan, hizkuntzaren normalizazioan lan munduak duen garrantziaz berba eginez.
Orain, osteko urratsei ekiteko unea da. Zehatz esanda, Taldeko Kooperatibetako ordezkari ezberdinekin eginiko elkarrizketekin emango zaio segida prozesuari -kasurako, gerenteekin, lehendakariekin, Kontseilu Sozialeko kideekin, pertsonal buruekin eta euskara koordinatzaileekin egingo da berba, EMUN aholkularitzaren eskutik-. Ondoren, Taldeko organoetan landuko da gaia, behin betiko plan estrategikoa zehazte aldera. Bukatzeko, onarpen fasea abiatuko da udazkenean, dagokion zabalkunde eta komunikazioekin.
Honatx, euskararen plan estrategikoaren eguneratzerako abian jarririko prozesua azaltzen duen grafikoa:
2017-2020 epealdiko lanketa estrategikoa
Eguneratze prozesua hasi berritan, 2017an onartutako plan estrategikoa eta hark finkaturiko lan ildoak nabarmendu gura izan ditu Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak. “Fagor Taldeko euskara planek 20 urte betetzeko atarian, egindako ibilbidea balioan jarri eta euskararen normalizaziorako bidean jauzi kualitatibo bat emateko urratsak adostu ziren”. Bide horretan, lau lan ildo estrategiko zehaztu ziren: ulermenaren unibertsalizazioa, mapa linguistikoen kudeaketa, euskarari funtzio propioak ematea eta normalizazio proiektuaren komunikazioa zein legitimazioa.
90 hamarkadaz geroztik euskara planen bidean
Lan munduan euskaren ezagutza eta erabilera sustatzeko ekimenek indarra hartu ondotik, 1998an sinatu zuen Fagor Taldeak euskara planak kudeatzeko lehenengo hitzarmena EMUN Kooperatiba Elkartearekin. Eta haren lanketan, garapenean, eguneratzean, moldatzean, egikaritzean… murgildurik da ordutik. “Esparru horretan, bide oparoa du egina Fagor Taldeak. Horren adierazle dira, esaterako, erreferentzialtasun aitortzak. Dena den, euskararen normalizazioa erreala izan dadin, lanean jarraitzea dagokio Taldeari. Bidelagun ezin hobeak ditugu, eta, elkarlanean, proiektuaren sendotasuneranzko eta iraunkortasuneranzko bideari heltzeko unea da”, dio Okarantzak.