Europako Itun Berdea: Gipuzkoako eraldaketarako giltza solasaldia egin da azaroaren 25ean, Etorkizuna Eraikiz ekinbidearen baitan. Besteren artean, Europa mailako itunaz, haren garrantziaz, Gipuzkoan egin beharrezkoez, etorkizuneko erronkez eta haiei heltzeko balizko moduez jardun dute hizlariek. Bertan izan da Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Berrikuntza Sozialeko arduraduna, Kirsten Dunlop EIT Climate Kiceko ordezkariarekin, Elena Herrarte Debagoiena 2030 egitasmoko koordinatzailearekin, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuarekin eta Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari nagusiarekin batera. Gorka Espiau Agirre Lehendakari Centerreko zuzendari orokorrarena izan da saioa gidatzearen ardura.
Askotarikoak izan dira bertan esandakoak. Tartean, Europako Itun Berdeak mahai gainean jarriak dituen erronkei garaiz heldu beharraz jardun du Otxandianok: “Datorkigun testuingurua ez da edonolakoa. Klima aldetik neutroa den Europa baterantz goaz, eta, horretarako, besteak beste, beharrezko dira industria mailako sakoneko aldaketak. Lehiakorrak izaten segi gura badugu, esperimentatzen hasi beharra dugu, epe laburrean sortutako baliabideen zati bat etorkizunerako prest egon gaitezen egin beharreko urratsetarako erabiliz”.
Era berean, elkarlanaren garrantziaz jardun dute hizlariek. “Etorkizunean lehiakorrak izan gura badugu, iraunkorrak izan beharra dugu. Horretarako, ezinbestekoa izango da hezkuntzaren alorreko eragileen, enpresen, erakunde publikoen… arteko elkarlana. Eta ezin dugu ahaztu komunitatearen beharrei erantzuteko dugun konpromisoa. Lurralde erronkei erantzuna era kolektiboan emateko zereginean inplikaturik segi beharra dugu”, azaldu du Fagor Taldeko Berrikuntza Sozialeko arduradunak.