Ikerlan eta Tecnalia zentro teknologikoekin batera, automozio sektorean erabiltzen diren konformaketa prozesuen hobekuntza eta optimizazioa sustatzen dituen Fandango proiektuan ari da parte hartzen Fagor Arrasate, Estampaciones Mayo, Eurohelp Consulting, Grupo Alava eta Segula Technologies enpresekin batera. Hark, konformaketa prozesuei loturiko puntako berrikuntza teknologikoen lanketa du ardatz, eta etorkizuneko “fabrika digitala” garatzeko bidean aurrera pausoak egiteko sortu zen. CIEN enpresa ikerketarako programa estrategikoaren bitartez finantziatu da egitasmoa, eta 5,5 milioi euroko aurrekontua du.
Proiektuaren baitan, haren instalakuntzetan, “mantenu prediktibo” zerbitzu integrala ezartzea ahalbidetuko duten osagai guztiak eta prozesuko parametro ezberdinek makinan nola eragingo duten aurreikusi eta horien birkonfigurazio proposamenak egingo dituen makinako biki digitala garatu guran dabil Fagor Arrasate. Eta 2021 urte bukaerarako, Estampaciones Mayo bezeroaren instalakuntza batean, zerbitzua guztiz ezarrita edukitzea aurreikusten du. Fagor Arrasatek urteak daroatza alorrari loturiko teknologiak garatzen.
Oro har, instalakuntzaren parametro kritikoak identifikatzea, horiek neurtzeko sentsoreak zehaztea eta haien bitartez jasotako datuak eskuratzeko, gordetzeko zein aztertzeko plataforma digitala garatzea dira egitasmoaren helburu nagusiak. Instalakuntzan bertan, lokalean eta lainoan (cloud) gordeko dira datu horiek eta horien transferizazioa balio-kate guztian zehar era seguru baten bermatuta egon dadin, blockhain teknologia aplikatuko da.
Beraz, esan bezala, proiektuan egingo diren garapenen bitartez, helburua, konformaketa prozesuen ikusgarritasuna hobetzea, mantenu prediktibo zerbitzua ezartzea, eta, azken finean, Fagor Arrasateren instalakuntzen produktibitatea handitzea dira.
Ostera, Fandango proiektupean landutako teknologia guztiak automobilgintzako konformaketa prozesuetan aplikatzeaz gain, Fersa Bearing eta Grupo Antolinen bitartez, errodamenduen ekoizpenean eta plastikozko pieza injektatuen makinarian aplikatuko dira.