Erdieroaleen sektorean sakontzeko urrats berria egin du automatizazio eta makina kontrolerako produktuen garapen eta ekoizpenean erreferente den Fagor Automation kooperatibak. Hain zuzen ere, Wooptixen kapital sozialean sartu da makina-erreminten diseinuan eta ekoizpenean edota ekoizpen prozesu aurreratuetan diharduen Danobat industria taldearekin batera, Mondragon Korporazioarekin bat eginik. Tenerifeko (Espainia) La Laguna Unibertsitateko lehen spin-off enpresa da Wooptix, eta fronte-uhinezko fase irudien bidezko erdieroaleen metrologian dago espezializaturik -astronomiako optika egokitzailearen ikerketatik eratorritako teknika da-.
Akordioa baliagarri izango zaie Fagor Automationi eta Danobatgroupi erdieroaleen sektorean egon litezken balizko negozio aukerak aztertzeko. Gainera, ez da sektore berria eurentzat. Lehenak, ibilbide luzea du egina erdieroaleen industriarako ekoizpen eta neurketa ekipamenduen garapenean; eta, bigarrenak, lotura du sektorearekin, batez ere, Danobaten enpresa subsidiario den Hambrugen bidezkoa.
Berrikuntza eta teknologia
Erdieroaleen sektorean sakontzen segitzeko sinatu berri duen akordioa baliagarri zaio Fagor Automationi berrikuntzaren eta puntako teknologiaren alde egina duen apustua berresteko. Izan ere, horretan dihardu sortzetik, besteak beste, haren teknologia zentro den Aoteken bitartez.
Bere aldetik, kooperatibaren enpresa kulturarekin lotu du akordio berria Jose Emilio Oti Gonzalez Fagor Automationeko I+G zuzendariak: “Berrikuntzari loturiko etenik bariko inbertsioak enpresa kulturari daude lotuta. Teknologiaren alorrean aurrera egiteko bide berriak bilatzeko konpromisoari heldurik darraigu, eta Wooptixekin elkarlanean jardutea lagungarri da horretan sakontzen segitzeko. Erdieroaleen sektorean sakontzea baliagarri izango dugu hura hobeto ulertzeko. Eta hori funtsezkoa izango da bezeroei kaptazio eta automatizazio alorreko gaitasun anitzetan oinarrituriko irtenbide berritzaileak eskaintzeko”.