Azken urteotan goraka doa mikrotxipen eta erdieroaleen auziaren oihartzuna, besteren artean, haien gabeziak eraginda. Oro har, Asian ekoizturikoak dira munduko mikrotxipen %75 -Taiwan, Hego Korea eta Txina dira ekoizle nagusiak-. Europakoa, ostera, munduko ekoizpenaren %10 litzateke -asmoa da 2032rako ekoizpena bikoiztea eta 800 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da horretarako-. Bada, egoerari buruzkoak ezagutu guran jardun dute asteon EiTBko albistegiek, eta, bide horretan, Fagor Electrónicara egin dute bisita, izan ere, hura da Espainiako Estatuan automobilgintzarako erdieroaleen ekoizpenean dabilen bakarra.
Hain zuzen ere, osagai diskretuen ekoizpenean dihardu Fagor Electrónicak. Zirkuitu elektriko batean doan seinale elektrikoa zuzentzea, ahultzea eta mugatzea da horien zeregina, seinalea baldintza egokietan egon dadin zirkuituko mikroprozesadorera heltzen denean, azken hark erabaki egokiak hartu eta edozein aplikazioetarako (ibilgailua, etxetresna elektrikoa, ordenagailua…) seinale edo ekintza egokiak igor ditzan. Munduko erdieroaleen %30 telefono mugikorretara doa; % 25, ordenagailuetara; eta, %10, automobilgintzara. Zehatz esanda, 1.500 milioi osagai diskretu unitate ekoizten ditu urtean Fagor Electrónicak.
Estatu mailako inbertsioak
Munduko erdieroale gehienak Asian ekoizteko hautua egin zen duela zenbait urte, eta horrek badu eraginik gaur egungoan. “Azken krisian ikusi dugu erdieroaleak Asian ekoiztea teorian merkeagoa izan daitekeen arren, estrategia horrek dependentzia handia dakarkigula”, azaldu du Alberto Trancho Fagor Electrónicako Baliabide eta Kalitate zuzendariak. Bere aldetik, estatu mailako estrategia baten beharra aipatu du Mikel Trojaola kooperatibako gerenteak. “Inbertsio beharra dago. Ezin du izan korporazio edo enpresa baten ekinbidea, estatu mailako estrategia baizik”, argitu du. Erdieroaleen ekoizpenerako lantegi handi bat eraikitzeak 12.000 milioi euroko kostua luke, eta 2 edo 3 urteko lana litzateke.
Ikusgai duzue EiTBk eginiko ikus-entzunezko erreportajea: