Ane Elizetxea Navarro Mondragon Unibertsitateko ikaslearen PEM elektrolizatzaileen degradazio eta hibridazio azterketa: hidrogeno berdearen sorkuntza itsasoko energia bidez gradu bukaerako lanak irabazi du Eraldaketa energetiko-klimatikoaren Fagor Taldea Saria TFG-TFM Mondragon sarietan. Bestetik, Juan Pedrero Alegria Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko ikasleak jaso du bigarren saria, Hiri-elektrifikazio handiko agertokietarako malgutasun-soluzioen diseinua master bukaerako lanagatik. Hirugarrenez, deskarbonizazioaren, ekonomia zirkularraren eta neutraltasun klimatikoaren inguruko lanak aztertu eta saritu dira Fagorren sariarekin, belaunaldi gazteenek alorrean eginiko ekarpena aitortzeko. Aurten, haren parte-hartze errekorra hautsi dute TFG-TFM Mondragon sariek, 305 parte hartzailerekin, aurreko edizioan baino %20 gehiagorekin, alegia.
Aurten ere, bost kategoria izan dituzte TFG-TFM Mondragon sariek: Eraldaketa energetiko-klimatikoaren Fagor Taldea Sariaz aparte, Eraldaketa digitalaren Danobatgroup Saria, Pertsonengan oinarritutako Eraldaketaren Mondragon Saria, Mugikortasun osasungarri eta jasangarriaren Orbea Saria eta Finantzak eraldatzeko Laboral Kutxa Saria izan dira. Horiez gain, zeharkako bi sari banatu dira, Lan berritzaileenaren Ikerlan Saria eta Euskaraz burututako lan onenaren Eika Saria. XXI. mendeko gizarte eta mundu mailako erronkak dira horiek guztiak.
Deialdiak 57 unibertsitatetako lanak bildu ditu, besteak beste, Euskal Herriko unibertsitate nagusietakoak (Mondragon Unibertsitatea, EHU, Deustuko Unibertsitatea, IMH, NUP eta Tecnun), Espainiako Estatuko 25 hiritako 47 unibertsitatetakoak eta Brasil, AEB, Norvegia eta Suediako lau unibertsitatetakoak. “Aurreko edizioetan ez bezala, aurten, Euskal Herrian eta hemendik kanpo garatutako proiektuen kopurua antzekoa da. Estatu mailan eraldaketa eta berrikuntza eragile gisa sendotu eta finkatu dira Mondragon sariak”, azaldu dute Mondragonetik.
Fagorren presentzia nabarmena ‘InpaktuDay’-n
Sari banaketa egunaren bueltan, InpaktuDay egin da lehenengoz. Horri esker, zenbait kooperatibetan izan dira TFG-TFM Mondragon sarietako parte-hartzaileak horiek ezagutu eta bertako kideekin solasteko. Besteren artean, Fagor Taldeko Fagor 2030 iraunkortasun estrategia eta kooperatiba taldeak deskarbonizazioari eta ekonomia zirkularrari loturik dituen zenbait ekinbide ezagutzeko aukera izan dute. Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak, Iker Akizu Olabe Fagor Ederlaneko Iraunkortasun arduradunak eta Alaitz Gonzalez Ozaeta Copreciko Gestio sistemetako arduradunak eman dituzte azalpenak. Horrez gainera, Fagor Arrasate ezagutzeko aukera izan dute parte hartzaileek, kooperatibaren Arrasateko (Gipuzkoa) egoitza nagusira eginiko bisitaren bidez.