El Diario Vasco egunkariak ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren inguruan antolaturiko mahai-inguruan esku hartu zuen Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak abenduaren 11n, Donostiako (Gipuzkoa) DV Gunean. Harekin batera izan ziren Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Manuel Angel Alonso Perez Telefonica Iparralde Lurraldeko zuzendaria eta Ainhoa Gonzalez Lainez Campezo Taldeko Ingurumen Estrategiaren arduraduna. Oro har, iraunkortasunak enpresen lehiakortasunean duen garrantzia izan zuten berbagai, eta euren esperientzia profesionalean oinarrituriko irakurketa eskaini zuten parte hartzaileek.
Besteren artean, Fagor Taldeak iraunkortasunarekin hartua duen konpromisoaz jardun zuen Otxandianok, 2021ean onarturiko Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren haritik. Zehatz esanda, hark bost ardatz edo helburu nagusi ditu barnebildurik. Halaxe azaldu zituen Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Ekonomia digital eta zirkular batean lehiakor izaten jarraitzeko negozioak eraldatzea, gobernantza eredua berritzea, pertsonek euren onena eman dezaten testuinguru egokiak sortzea, planetarekiko konpromisoa eta komunitatearen aldeko lana bilatzen ditu Fagor 2030 estrategiak”.
Era berean, Otxandianok azaldu zuen iraunkortasunaren kontzeptua indarra hartzen ari dela sektore desberdinetako merkatuetan, eta, tartean, Fagor Taldeko kooperatiben bezeroen exijentziak izan zituen akorduan. “Bezeroek eurek ere 2030. urteari begirako iraunkortasunaren alorreko konpromisoak sinatzeko eskatzen dute, beraz, lehiakortasunari hertsiki loturik dagoen aldagaia ere bada gaur egun. Garrantzitsua da negozioetan eta bestelakoetan bizi den eraldaketa prozesuaren sakontasunaz kontziente izatea”, adierazi zuen. Hala, iraunkortasunerako urratsak enpresak bere osotasunean eman beharraren garrantzia azpimarratu zuen: “Departamentu guztiak inplikatu behar dira”.
Berrikuntzan inbertitu beharra
Iraunkortasunerako bidean negozioen eraldaketak duen garrantziaz mintzo, ikerkuntzan eta garapenean inbertitu beharra jarri zuten mahai gainean ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren inguruan antolaturiko mahai-inguruko hizlariek. “Enpresek ahalik eta baliabide natural gutxien erabili behar dituzte beraien produktua ekoizteko. Horrek, I+G ekinbideak abiarazi beharra dakar. Gainera, garrantzitsua da arreta 0 km ekoizpenean jartzea”, azaldu zuen Tapiak. Eta, horri loturik, Fagor Taldeak bide horretan sakontzeko hartua duen konpromisoa berretsi zuen Otxandianok: “Fagor Taldeak erdigunean du berrikuntzaren gaia, eta ekonomia zirkularrak gero eta presentzia handiagoa du gure berrikuntza proiektuetan. Funtsezkoa da etorkizuneko erronkei aurrea hartzen saiatzea, Fagor Taldean oso barneratua dugun zerbait da hori”. Horren adibide dira, besteren artean, kooperatiba taldeak dituen hiru berrikuntza zentroak (Edertek, Aotek eta Koniker).