Zeintzuk dira Europako eguzki sektorea baldintzatuko duten teknologia eta aplikazio joera nagusiak? Horixe bera eta beste hainbat galdera erantzun behar izan zituzten Energia Klusterraren Eguzki-energiaren Foroan esku hartu zutenek -azaroaren 11n egin zen berbaldia, Tecnaliak Zamudion duen egoitzan-. Besteren artean, foroan izan zen Iñaki Madina Mondragon Assemblyko Eguzki Negozioko zuzendaria.
Oro har, sektore fotovoltaikoaren gaurkotasunaren errepasoa egin zen saioan, eta, horretan geratu barik, testuingurua bilakatzen dabiltzan eta etorkizunerako aurreikuspen oparoak dakartzaten pauso teknologiko berritzaileez jardun zuten hizlariek. Aurrerapauso horien artean dira gelaxken belaunaldi berriak eta efizientzia handiagoko moduluak; agertzen ari diren fotovoltaiko flotatzailea edo agriboltaikoa moduko merkatu nitxoak; eta, prozesuen egikaritzearen eta mantenuaren optimizaziorako, planta fotovoltaikoetan aplikaturiko digitalizazioa.
Foroko parte hartzea
Nagusiki, eguzkiaren sektorearen mundu mailako egoeraren eta Europan eguzki sektoreko enpresa ehun lehiakor bat sortzeko beharrezko liratekeen bektoreen inguruan jardun zuen Mundragon Assemblyko eguzkiaren negozioko zuzendariak.
“Jardunaldiok baliagarri izan dira parte garen ingurune lehiakorra eta aldakorra azalarazteko., edota jakiteko zein litzatekeen jarraitu beharreko bidea Europak aitzindaritza berreskura dezan sektoreko teknologietan eta aplikazioetan. Hori horrela, argia da geure apustua: teknologia berriak eta ikerketa zein garapen zentroekin lankidetza, bezeroei soluzio bereziak eta bakarrak eskaintzeko haien lehiakideekiko abantaila lor dezaten”, azaldu du Madinak.
Harekin batera, sektorean erreferente diren bestelako enpresa eta entitateak izan ziren foroan. Hor daude Meyer Burger, Tecnalia, PI Berlin, Branka Solutions, Lortek, Isigenere, Emica Solar eta Dominion.