Eguzki sektorearen alorreko profesional eta ordezkari publikoak bildu dituen Eguzki Foroaren bederatzigarren aldian izan da Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatiba. Ia hogei mahai-inguru eta keynote eskaini ditu hitzorduak sektorearen orainaz eta etorkizunaz berba egiteko, eta Mondragon Assmeblyko ordezkaritza izan da horietako batean. Zehatz esanda, Nola laguntzen dizkiete I+G+b ekimenek eraikinetako, nekazaritzako eta uraren alorreko fotovoltaikoei? mahai-inguruan jardun du Aitor Apraiz Arenaza Mondragon Assemblyko I+Gko proiektu arduradunak -fotovoltaiko integratuak ekoizpen makinei loturik dituen erronkez egin du berba-.
“Oraindik baliatzeke dagoen potentzialitate izugarria du fotovoltaiko integratuak. Infinituak dira eskaintzen dituen aukerak eta negozio eredu alternatiboak garatzeko azterketa-eremua”, azaldu du Mondragon Assemblyko I+Gko proiektu arduradunak. Hitzorduan izan dira sektoreko enpresa nagusiak, proiektuen iraunkortasunaren, erregulazioaren eta finantziazioaren alorreko adituak eta estatu mailako zein nazioarteko erakundeetako ordezkariak.
Ohi moduan, sektorearen etorkizuna baldintzatuko duten gaiak izan dira nagusi mahai-inguruetan, hala nola, prezioen aldakortasun testuinguruan trantsizio ekologikoan aurrera egiteko aukerak, autokontsumoaren merkatuaren berraktibazioa, gizartearen babesa eta PNIECen helburuak betetzea.