Agirre Lehendakaria Center ikerketa politiko eta sozialerako zentroak hamargarren urteurrenaren harira antolaturiko Egungo euskal eredua, aztergai: elementu positiboak eta hausturak mahai-inguruan izan zen Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko iraunkortasun arduraduna, martxoaren 29an, Bilboko Bizkaia Aretoan (Bizkaia). Era berean, hizlarien artean izan ziren Juan Jose Ibarretxe Markuartu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Xabier Barandiaran Irastorza Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Jule Goikoetxea Mentxaka Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea. Nork bere esperientzian oinarrituriko ikuspegia eskaini zuen (iraunkortasuna, esparru digitala, komunitatearen ahalduntzea…).
Besteren artean, planetaren mugetan eta berdinean segitzeak izango lituzkeen eraginetan jarri zuen mira Fagor Taldeko Iruankortasun arduradunak: “Azken berrehun urtean ustiatu ditugu sortzeko milioika urte behar izan dituzten energia iturriak eta lehengaiak. Horiek amaiezinak balira bezala jokatu dugu, eta dagoeneko hasiak gara planetaren muga biofisikoetara heltzen”. Era berean, azpimarratu zuen Euskal Herria “egoera zaurgarrian” dagoela, energia handia kontsumitu eta energia gutxi sortzen duelako, eta handia delako jatorri fosileko erregai iturrien “menpekotasuna”. Hausnarketa hori eginda, egoera iraultzeko beharra jarri zuen mahai gainean, eta, horren bidean, energia berriztagarrien hedapena, ekoizpena “demokratizazioa” eta azpiegituren inguruko eztabaida lurralde zein sektore guztiei zabaltzea modukoak proposatu zituen.
Era berean, tokikoari “kalte” eginez, mundu mailan ematen ari den “dominazio kulturalaz” jardun zuen Barandiaranek. “Euskara ez da serio hartzen. Auzi horri lehentasuna eman behar zaio. Ezin daiteke atzerapauso bat gehiago eman”, azaldu zuen. Bide beretik, digitalizazio prozesua oinarri hartuta, “kapitalismo digitala” eroan zuen Goikoetxeak mahai gainera. Bere esanetan, Euskal Herria periferian kokatzen da alor horretan. “Industrializazioaren garaian, Euskal Herriak izan zuen klase industrial bat. Gaur egun ez dago euskal klase kapitalista digitalik”, argitu zuen. Eta, hori horrela, gaineratu zuen Euskal Herria “kolonia digitala” dela onartzea litzatekeela alor digitalean burujabe izateko lehen urratsa.
Irtenbideak tokikotik landu beharra
Oro har, askotarikoak izan ziren berbaldian mahai gaineraturiko erronkak. Eta horien “konplexutasunaz” jakitun, irtenbideak tokikotik bilatu beharraz jardun zuten hizlariek. Ibarretxeren ustez, beharrezkoa da arlo publikoan nagusi den eztabaidaren esparrua aldatzea eta beste termino batzuetan kokatzea: “Adibidez, kapitalismoak historikoki behar batzuk asetzeko erabili ditu jakintza eta informazioa. Guk eraldaketarako erabili nahi ditugu, gizartea hobetzeko”. Eta nabarmendu zuen irtenbidea bertako eragile desberdinen esku dagoela. Horri, halaxe erantzun zion Goikoetxeak: “Bai, gure esku dago, baina baliabideak falta ditugu”. Hori esanda, “euskal estatu egituren esku hartze handiago bat” proposatu zuen.
Bere aldetik, “erantzunak Euskal Herrian bilatu behar direla uste duten alderdien artean” adostasunak bilatzearen alde azaldu zen Otxandiano: “Tragedia bat izango litzateke auzi honetan ikuspegiak elkarrekin banatzeko eta akordioak lortzeko gauza ez izatea”. Eta horretan geratu barik, Barandiaranek ezinbestekotzat jo zituen “gizarte antolatua berrosatzea” eta “komunitatearen ahalduntzea”.