Egokia izeneko plataforma sortu dute Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatibak eta Ikerlan teknologia zentroak. Hark, paradigma aldaketa dakarkie datuen ustiapenari eta elkarlaneko ikaskuntza automatikoari, horietan, datuen pribatutasuna bermatuta. Mondragon Assemblyk dagoeneko badarabil Egokia plataforma Aretxabaletako (Gipuzkoa) lantegian duen eguzki plakentzako zelula fotovoltaikoen ekoizpen linean. Eta, aurreikusitakoaren arabera, urtea bukatu aurretik, hamar ekoizpen linea lituzke teknologia berriarekin, kooperatibak digitalizazioaren alde egina duen apustua sendotuz.
Esan moduan, Ikerlanek landuriko Egokia aitzindari da ikaskuntza automatiko kolaboratiborako bitarteko ziberseguruen alorrean, datuen pribatutasuna bermatzen duelarik. Bada, teknologia berria erabilita, Mondragon Assemblyk esangura handiko urratsa egin du haren negozioan, eta Espainiako Estatuko merkatuaren buruan jarri da prozesu industrialen automatizaziorako adimen artifizial kolaboratiboan. Besteren artean, berrikuntzara bideraturiko Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren laguntza jaso du Egokia proiektuak.
Egun nagusi diren teknologiekin alderatuta, Egokiari esker, bezeroen tokian tokiko nodoetan, eta modu kolaboratiboan, “treba” daitezke makinetan eta ekoizpen lineetan jarririko adimen artifizialeko bitartekoak, beti ere, datuak elkarren artean partekatzea saihestuz. Era horretan, datuen zibersegurtasuna bermatzearekin batera, haien ihesari loturiko arriskuak desagertzen dira.
Jean Philippe Aguerre Mondragon Assemblyko Berrikuntza zuzendariaren esanetan, Egokiari esker, tresna “profesional eta sendoa” du kooperatibak, mundu osoan sortzen dituen II-An oinarrituriko ereduak “automatikoki sortzeko eta kudeatzeko gai dena”. Era berean, berretsi du berrikuntza berriak eragina izango duela Mondragon Assemblyren eskaintzan: “Ikerlanek garatutako plataformari esker, adimen artifizialean oinarritutako zerbitzu hobeago batez hornitu ahal izango ditugu gure bezeroak, denboran aurrera egin dezaten, kostuak minimizatuz, eraginkortasuna eta errentagarritasuna irabaziz eta datuen pribatutasuna bermatuz”.
Gainera, hortik haragoko abantailarik ere topatu dio Mondragon Assemblyk Egokia plataformari. “Sektore bereko enpresen artean ezagutza berria partekatzeko aukera ematen du, hala nola, fotovoltaikoa, sektore osoaren estandarrak hobetzeko, ekoizpen-prozesuak optimizatzeko eta kalitate-irizpideak hobeto definitzeko. Horrek, zerbitzua hobetzea lekarke”, azaldu du kooperatibako Berrikuntza zuzendariak.
Bere aldetik, teknologia transferentziaren garrantziaz egin du berba Santi Txarramendieta Tejada Ikerlaneko AA alorreko ikertzaileak. “Gaur egun, datu asko jasotzen eta gordetzen dituzte enpresek, baina zailtasunak dituzte datu horiek partekatzeko, ustiatzeko eta balioa emateko”, aitortu du. Horretaz jakitun, azaldu duenez, ikaskuntza automatikoko eta elkarlaneko tekniketan oinarritutako irtenbideak diseinatzeko eta ezartzeko lanean dabil Ikerlan, “kalitatea hobetzeko eta enpresa bakoitzeko ekoizpen-prozesuen kostua murrizteko”.