Skip to main content

Trantsizio energetikoari loturiko deliberazio prozesua hasi da Debagoiena bailaran (Gipuzkoa), Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak bultzatuta. Lurraldeko eragile ezberdinen eta herritarren artean erabaki gura da eskualdeak energia berriztagarrietarantz egingo lukeen bidea. Dagoeneko martxan da prozesua.

Aurre fasea bukatuta, abiatzear da Debagoiena eskualdeak (Gipuzkoa) haren etorkizuneko energia eredua zehazteko diseinatu eta adostu berri duen deliberazio prozesua. Debagoiena 2030 iraunkortasun sarea osatzen duten eragile nagusiek bultzaturiko ekinbidea da, eta, aurreikuspenen arabera, urtebeteko iraupena luke. Fagor Taldea da Debagoiena 2030en bultzatzaile nagusienetako bat. “Fagorrek Debagoiena eskualdearekin duen konpromisoaren erakusgarri da kooperatiba taldeak trantsizio energetikoaren inguruko deliberazio prozesuan izango duen parte hartzea. Berriztagarrien alde egite horretan, eragile ezberdinen eta herritarren artean erabaki beharko da zein ereduren alde egin gura den, ahalik eta adostasun zabalenarekin”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Hain zuzen ere, bailarako erakunde publikoek, enpresek, gizarte eragileek, eta, oro har, herritarrek, hezurmamituriko prozesua litzateke –halaxe adostu da deliberazio prozesua zehazteko abiaraziriko aurre fasean–. “Energiari dagokionez, gizarte mailako elkarrizketa sakona bultzatu beharra dago, dauden ikuspegi anitzen arteko elkarrizketa bultzatuz, jendartearen ahalduntzea bilatuz eta posizio desberdinak mahaigaineratuz edota zubiak eraikitzeko balizko aukerak aprobetxatuz”, aitortu du Otxandianok. Eztabaida hori ez litzateke hutsala, eta esangura luke haren emaitzak: energiaren gaiaz mintzo, behinik behin, aurrera begirako bide-orri litzateke Debagoieneko eragileendako.

Hainbat helburu

Deliberazio prozesuak ez luke helburu bakar batera mugatu gura. Besteren artean, erantzun bakarra lortze horretan itsutu barik, bitarteko izan nahi luke herritarrak trantsizio energetikoaren gaian ahaldundu daitezen. Eta hortik harago, ondo bidean, baliagarri litzateke aurrera begira lehenetsi beharreko estrategiaren eta politiken oinarrizko irizpideak zehazteko. Gainera, gaiaren inguruko iritziak sortzen eta zabaltzen edota gomendioak biltzen lagunduko luke, beraz, parte hartzen dutenen arteko hizketaldian geratu barik, hein batean, komunitatera zabaldua ere balegoke prozesua.

Bost fase

Helburuak mahai gainean, zehazturik daude horiek erdiestera bidean egingo liratekeen bost faseak. Lehenengoan, deliberazio prozesuaren deitzailea litzatekeen organoa litzateke protagonista –prozesuan zehar jasotako gomendioen erantzunak ere haren gain leudeke–. Aurre fasean, organo horren esku legoke deliberaziorako galdera, dilema eta prozesu diseinua zehaztea, bailarako eragile ezberdinekin batera.

Ostera, eragileen deliberazio prozesuko parte hartzerako, hainbat mahai sektorial sortzea proposatzen da (eragileek jarduten duten alorraren arabera antolatuko dira). Horietako bakoitzak deliberazio ariketa propioa egingo luke, eta txosten batean bilduko lituzke ondorio nagusiak.

Eragileetan ardazturiko fasea bukatuta, prozesuan pisu handia lukeen herritarren batzarra letorke –zozketa bidez aukeratuko lirateke hartako kideak–, askotariko herritarrez osaturikoa. Hiru zeregin nagusi lituzke: adituak entzun eta eskuragarri dagoen informazioa aztertzea –besteak beste, eragileen mahai sektorialetatik iritsitako ondorioak aztertuko lirateke–, deliberazioa –informazio guztia esku artean, deliberatzeko unea litzateke– eta gomendioak lantzea –organo deitzaileari aurkeztu beharreko gomendioak landuko lirateke–. Alta, herritarren batzarreko kide ez diren herritarren parte hartzerako aukera ere balegoke. Horretarako bitartekoak eskainiko lirateke.

Deliberazio prozesua deitu duten eragileek osaturiko organoak jasoko lituzke herritarren batzarrak egindako gomendioak eta emaniko iritziak, zuzenean, bertako kideen eskutik. Informazio horrekin, behinik behin, erantzun adostua ematen saiatuko litzateke, gomendioak ontzat hartuak balitu, haiei jarraipena nola eman erabakitzeko konpromisoa hartuz –egin liteke ko-sorkuntza guneen bidez, mahai sektorialak sortuz…–.

“Ez da nolanahiko prozesua. Eragile askoren parte hartzea eta konpromisoa eskatzen du, baina ezin liteke bestela egin. Erronka potoloa da trantsizio energetikoarena, eta, era batera edo bestera, etorkizuneko bide-orriak eragina izango du eragile eta herritar ororengan. Erronkaren tamainako erantzuna landu beharra dago”, argitu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Energia berriztagarriak

Energia trantsizioaren inguruko deliberazio prozesua hasteke dagoen arren, dagoeneko zehaztua dago energia berriztagarrien alde egiteko beharra, eta hori izango da prozesuaren oinarri. Hori bai, bateko eta besteko iritziak aurki daitezke prozesuaren zelakotasunaren edo energia sorkuntzarako azpiegitura aukeren inguruan. “Errealitatea abiapuntutzat hartuta, ikusi behar litzateke zein azpiegitura eta kudeaketa ereduren alde egin gura litzatekeen, eta, era berean, kontsumoa murrizteko zer egiteko prest legokeen bakoitza. Nahitaezkoa da berriztagarrien bidean sakontzen segitzea”, aitortu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Tecnalia ikerkuntza zentroak eginiko ikerketa baten arabera, 480.290 tona CO2 isurtzen dira Debagoiena eskualdean urtero. Hain zuzen ere, industria (isurien %43) eta garraioa (isurien %37) dira horien eragile nagusi. Energia kontsumoaz mintzo, era berean, ikerketaren arabera, industriak du altuena (kontsumoaren %50), eta garraioa legoke haren ostean (kontsumoaren %33). “Industria sare indartsuko bailara da Debagoiena, eta, hori horrela, hark ditu CO2 isurpen maila altuenak. Isurpenak murrizteko neurriak ez dira berriak. Industria sareak urteak daroatza horretarako lanean, eta urrats berrien beharra dago. Tartean, funtsezkoa da kontsumituriko energia garbia, berriztagarria, izan dadin lan egitea”, azaldu du Otxandianok.

Industriak bailaran duen “garrantzia” ikusita, eta haren energia kontsumoaren inguruko datuak esku artean, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunaren ustetan, trantsizio energetikoaren aldeko “urrats sendoak” oso lagungarri lirateke Debagoiena eskualdearen egoera hobetzeko: “Energia kontsumitzaile handia da industria, eta, Euskal Herrikoa, metalaren eraldatzean oinarriturikoa da, hein handi batean. Metalaren eraldatze prozesuek energia asko behar dute, edozein delarik darabilten teknologia; eta, hor, elektrizitatea eta gas naturala dira gehien erabiltzen diren energia iturriak. Beraz, beharrezkoa da enpresok serioski heltzea trantsizio energetikoaren erronkari, kontsumituriko energia, gutxienez, berriztagarria izan dadin”.

Fagor Taldeak dagoeneko heldua dio erronkari. Hori horrela, hainbaten artean, hasia da Statkraft enpresa norvegiarrarekin Debagoienean egin gura duen aerosorgailudun instalazioaren inguruan berbetan. “Energia berriztagarrien alde egiteko eredu berri bat proposatzen du enpresak, komunitarioa, lurraldeko enpresa, energia komunitate zein herritarrei jabetzan parte hartzea ahalbidetzen diena. Egungo testuingurua kontuan hartuta, berriztagarrien alde serioski egin gura bada, horrelako aukerak aztertu eta baloratu behar dira”, argitu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Eta adibide bat jarri du mahai gainean: “Haize errota bidezko energia berriztagarria erabilita, 6 megawatteko 25 haize errota inguru beharko lirateke Fagor Taldeak Euskal Herrian dituen lantegien energia kontsumoa asetzeko. Energia fotovoltaikoaren aldeko hautua egingo balitz, ostera, 370 megawatt inguruko eguzki parke bat beharko litzateke, 370 hektareatakoa, gutxi gorabehera”. Tecnaliak eginiko ikerketaren arabera, gaur-gaurkoz, Debagoieneko energia kontsumoaren %4,8 besterik ez da iturri berriztagarrietan sorturikoa.

 


 

 

“Kosta egiten zaigu berandu gabiltzala ulertzea”

EDUARDO MIERA ZABALZA | TECNALIAKO PROIEKTU KUDEATZAILEA

Debagoieneko egoera energetikoa ezagutzeko diagnostikoa egin du Tecnalia ikerkuntza zentroak, besteak beste, energia berriztagarriek eskualdeko hiri-eremuaren beharrei erantzuteko duten gaitasuna neurtzeko.

Zein izan da Tecnalia ikerkuntza zentroak Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearendako eginiko ikerketaren helburua?

Debagoieneko energia berriztagarriek eskualdeko hiri-eremuaren beharrei erantzuteko duten gaitasuna neurtu gura izan da, besteren artean. Horretarako, eraikin-parke osoa aztertu dugu, eta fotovoltaikoek teilatuetan eta lurzoruan duten potentziala neurtu. Biomasaren potentziala ere aztertu da. Era berean, azterketa osatze aldera, eskualdeko energia-diagnostikoa egin da, eta, horri esker, hobeto ulertu ahal izan dira egungo egoera eta hark izan dezakeen bilakaera. Finean, aurrera begira ere jarri gara, hainbaten artean, 2030. urterako helburuak eta horiek erdiestera bideraturiko jarduera-ildoak zehaztuz.

Zer ondorioztatu daiteke?

Alde batetik, diagnostikoak erakutsi du Debagoieneko biztanleriaren batez besteko CO² isurpena Europar Batasunekoa, Espainiako Estatukoa eta EAEkoa baino handiagoa dela. Eskualde industrializatua dela kontuan izanda, ez da harritzekoa. Baina, adi: soilik hiri-eremuko datuak begiratuta, berdina gertatzen da –beste zonalde batzuetan baino handiagoa da batez besteko isurpena, eta, hor, ez da aintzat hartzen industria–. Beraz, etxebizitzetan eta zerbitzuetan ere murriztu beharra legoke CO2 isurpena. Gainera, azterketek argi erakutsi dute eskualdeko eraikinak asko hobetu daitezkeela eraginkortasun energetikoan eta energia berriztagarrien aprobetxamenduan. Oro har, 2030erako, %11 murriztu behar litzateke energia kontsumoa, eta %17ra heldu behar luke tokiko energia berriztagarrien kuotak. Ikerketak neurri osagarriak proposatu ditu horretarako. Eta, horietan, funtsezkoa izango da herritarren inplikazioa.

Ba al da azpimarratzeko modukorik?

Tartean, azpimarratu behar da zenbait udalerritan erregai fosil likidoak darabiltzatela berokuntzarako eta ur bero sanitariorako, eta horiek ordezkaturik egon beharko dutela 2030erako. Hori ez da soilik Debagoiena eskualdearen kasua. Finean, arazo arrunta da herri txikietan. Erakunde publikoak inplikatu egin behar lirateke arazo horri irtenbidea emateko, eta, gainera, energia berriztagarrietan edo energia-eraginkortasun handiko sistemetan oinarritutako ekinbideak bultzatzeko aprobetxatu behar litzateke. Era berean, azpimarratu behar da hiri-eremutik kanpo, sorkuntza fotovoltaikorako aprobetxa litezkeen industria pabiloi asko dituen eskualdea dela Debagoiena. Kasu batzuetan egiten ari dira, baina, oraindik ere, aprobetxamendurik gabeko teilatu asko daude. Ez da erraza, baina uste dugu kontsumo-profiletan osagarritasuna bilatuta, autokontsumo partekatuko soluzioak proposa daitezkeela, enpresetarako proiektu interesgarriak diseinatuz.

Debagoiena eskualdeak zer behar luke beregaina izateko?

Kontua da, hiri-eremuaren kasuan, eskualdeak ekoizpen berriztagarri gutxi duela bere autosufizientzia energetikorako. Teilatuetan, aprobetxamendu-potentziala dago tokiko energia fotovoltaikoa handitzeko, baina horrez apartekorik ere egin behar litzateke: irtenbide berriztagarriak behar lirateke berorako eta datorren hotzaren demandarako. Teknologia badugu. Bideragarritasun ekonomikoan eta aldaketarekiko erresistentzian dago arazoa. Horregatik, horiek aldatu bitartean, kontsumoa murrizten joan behar dugu. Horretan, denok lagundu dezakegu.

Orduan, oraingoak baino urrats sendoagoak behar lirateke…

Ikuspegi baikor batetik, esan daiteke urrats asko ari garela egiten. Argi dago, dena den, deskarbonizazioaren erronka Everest izugarria dela. Itzulera argirik erakutsi gabe ez da erraza enpresei eta herritarrei hainbat gauza aldatzeko eskatzea –beren ibilgailuak aldatzea, beren etxebizitzak energia-sistema berriztagarriekin birgaitzea, beren estalkietan energia fotovoltaikorako bitartekoak jartzea, eta abar–. Eta, zoritxarrez, kosta egiten zaigu berandu gabiltzala ulertzea. Kontzientziazio-lan handia dugu egiteke.