Copreci S. Coop.ek, etxetresna elektrikoetarako osagaien fabrikazioan munduko liderretako batek, akordio bat itxi du Defendi S.r.l. fabrikatzaile italiarrak, E.G.O. Taldeko filialak, balbulak ekoizteko prozesuan dituen aktibo guztiak erosteko.
Akordio horrekin, etxeko gas egosketaren sektorean duten lidergo-posizioa sendotu dute bai Coprecik, balbuletan, bai Defendik, gas erregailuetan.
Copreci Taldeko zuzendari nagusi Imanol Oleagaren hitzetan, aurrera begirako “apustua” da akordioa: “Gaur egun dugun testuinguru konplexuan, gas egosketaren arloan ditugun hazkunde erronkak bermatzeko apustu gisa ekiten dio Coprecik operazio honi, merkatu tradizionaletan dugun posizionamendua sendotzeko eta merkatu berrietan dugun apustua indartzeko. Akordio honek aukera gehiago eskainiko dizkie gasezko etxetresna elektrikoen fabrikatzaileei”.
Robert Vuga DEFENDI Taldeko zuzendari nagusiaren esanetan, ostera, enpresaren estrategiaren baitakoa da eginiko urratsa: “Urrats hau ematean aukeratutako estrategiaren atzetik gabiltza irmoki. Gure produktu nagusietan arreta jartzeko aukera ematen digu. DEFENDIn ideia berri asko ditugu. Etorkizunean konfiantza dugu, eta balioa ematen duten teknologia eta produktu berri asko aurkeztea espero dugu”.
Copreci MONDRAGON Korporazioko kooperatiba bat da, eta mundu osoko etxetresna elektrikoen fabrikatzaileen aitortza dauka. Gaur egun, 1.600 langile baino gehiago ditu, eta, ekoizpen lantegiak, Espainian, Txekiar Errepublikan, Italian, Turkian, Mexikon, Estatu Batuetan eta Txinan.