Irailaren 1ean abiarazi du Fagor Taldeak Fagor Herrigintza lankidetza programa, bigarrenez. Hori horrela, Euskal Herri hobeago bat eraikitzeko lanean ari diren gizarte eragileek dagoeneko aukera dute euren proiektuak aurkezteko -irailaren 30ean bukatzen da horretarako epea-. Iaz moduan, Fagor Taldeak hiru laguntza banatuko ditu (60.000 euro, 40.000 euro eta 20.000 euro), 120.000 euro, osotara. “Herrigintza eta izaera komunitarioa hauspotzen duten hamaika proiektu daude martxan urtero Euskal Herrian, bateko eta besteko gizarte beharrei erantzun egokia emateko ahaleginean. Komunitatearen ahalduntzean eta indartzean sinesten du Fagor Taldeak, eta horretan ari dira gizarte eragileak uneoro. Garrantzitsua da euren zeregina aitortzea, euren alde egitea, bateko eta besteko laguntzak eskainiz, euren jardunari bultza egitea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Proposamenak euskara hutsean aurkeztu beharko dira, fagor.eus webgunean, kooperatiba taldeak euskararen normalizazioarekin duen konpromisoari jarraiki.
Esan moduan, hiru laguntza banatuko ditu Fagor Taldeak Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez, eta, aurten, berrikuntza moduan, gizarte eragileek eurek aukeratuko dute zein laguntza lerrotan aurkezten duten euren proiektua. Egitasmoak aurkezteko epea bukatuta, aurrez ezarririko oinarrien araberako puntuaketa sistema oinarri, urri bukaeran, behinik behin, bederatzi egitasmo pasako lirateke hurrengo fasera -talde bakoitzetik, hiru-. Horretan, Fagor Herrigintzaren laguntzak jasoko lituzketen hiru proiektuak aukeratuko lituzkete Fagor Taldeko kooperatibetako bazkideek, azaroan. Eta abenduaren 6an argitaratuko lirateke Fagor Taldearen web orrian zeintzuk liratekeen laguntzak jasoko lituzketen hiru proiektuak.
Bigarren aldia
Aurtengoa, bigarren aldia du Fagor Herrigintza lankidetza programak. 2022an sortu zen, euskal gizartean erroturiko ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko. Haren bidez, Garapen Iraunkorreko Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagor Taldeak. Asmo horrekin, Zaporeak (60.000 euro), Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioa (40.000 euro) eta Seaska ikastolen federazioa (20.000 euro) lagundu zituen 2022an.