2021-2024 urte bitarterako Plan Estrategikoa landu berri du Copreci kooperatibak, eta, besteren artean, 75 milioi euroko inbertsio-plana du jasoa hazkunde organikorako zein inorganikorako. Horrez gain, 20 milioi euroko inbertsioa du aurreikusirik I+G+b alorrean. Horrekin guztiarekin, mundu mailako hornitzaile bezala hazten -gora egin gura luke dimentsioan eta gaitasunetan- eta bezeroei erantzun egokiak ematen segi gura luke, hainbaten artean, soluzio eraginkorragoak eta iraunkorragoak eskainiz. Oro har, Plan Estrategikoak eragina luke kooperatibaren dimentsioan, berrikuntzan, iraunkortasunean, balio-katean edota merkatuan sorturiko aukerak aprobetxatzeko lagungarri liratekeen aliantza eta interkooperazio egituren finkatzean.
Bada, kooperatibak aldeko duen testuinguru batean sortu da aipaturiko plana -azken hiru hilabeteetan izandako eskari handiak ezaugarritzen du-. “Osoki egin dugu lan planta guztietan. Mundu mailako aldaketa izan da, mugikortasunaren mugatzeak eta konfinamenduak ezaugarrituriko testuinguruan gertaturikoa. Etxeko ekipamendua berritzeak eragindako gastuak lehenetsi ditu kontsumitzaileak, eta 2020. urtea 200 milioi euroko salmentekin ixtea eragin zuen horrek. Gainera, 250 milioi eurokoak dira datorren ekinaldirako salmenta aurreikuspenak. Hori bai, esan beharra dago uda ostean egonkortzen hasia dela eskaria”, argitu du Imanol Oleaga Mendiaratz zuzendari nagusiak. Dena den, egoera bera ez dago osoki Plan Estrategikoko helburu kuantitatiboetan islaturik. “Agertoki errealistago batekin eginiko aurreikuspenak dira”, azaldu du.
Gauzak horrela, 2024. urteko ekitaldia 300 milioi euro inguruko sarrerekin bukatzeko aurreikuspenarekin dabil Copreci, eta langile kopuruak ere gora egingo luke. Zehatz esanda, egun, 2.100 langile inguru ditu kooperatibak, eta, aurreikusitakoaren arabera, horiek 2.500 lirateke 2024an. Hazkunde hori mesedegarri litzateke mundu mailako zerbitzua eskaintzeko. Bada, apustu organikoa mantentzearen alde egin du zuzendari nagusiak. “Gaur egun, Turkiako eta Mexikoko plantak modernizatzen gabiltza eta bestelako planak ditugu Txinan, Italian, AEBetan eta Txekian ditugun plantendako”,argitu du.
Aretxabaletako egoitza modernizatzen segitzeko apustua
Aretxabaletako egoitza zentralari dagokionean, hura modernizatzeko azken urteetan eginiko apustua berretsi du Coprecik eta hasia da etorkizuneko hazkundea bermatuko duten epe luzeko ekintzak aztertzen. Oro har, digitalizazioan, lineen automatizazioan eta efizientziaren hazkundean sakontzearen bueltakoak dira plangintzaren xede nagusiak. Produktuen alorrean, ostera, balio diferentzialaren proposamena indartu gura da, batez ere, funtzioen eta sistemen garapena landuz, “osagaitik funtziorako” jauzia egin dadin. Era berean, Copreciren Plan Estrategikoak erdigunean jarriak ditu ekintza inorganikoak -talde bat gehituko lioke haren kontsolidazio perimetroari- eta “motxila arinaren hazkundea” bilatzeko zeregina -dagoeneko hasiak dira aliantzarako negoziaketetan India, Errusia edo Txina moduko herrialdeetan tokiko fabrikatzaileekin-.
Ostera, taldearen hiru core konpetentzietan sakontzeko zeregina du erdigunean jarria Copreciren I+G+b programak: gasaren kontrola, erregulazioa eta eroatea; motor, bonba eta haizagailuen diseinua, kontrola eta erregulazioa; eta indukzio bidezko beroketa zein industrializaziorako gaitasuna. Horretara mugatu barik, iraunkortasunari loturiko egitasmoak lantzen segituko du Coprecik.