Mundu berri bat guztiontzat kantu eta bideoklip sortaren edizio berria aurkeztu zuen Bizipoza elkarteak urtarrilaren 28an, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultura etxean. Hain zuzen ere, adingabeen integrazioaren alde lanean dabiltzan Euskal Herriko zenbait elkarteren bilgune da Bizipoza, eta horietako hainbaten errealitatea ezagutarazi guran dabil, besteren artean. Horixe du Mundu berri bat guztiontzat ekinbideak helburu nagusi. “Hiru urte iraun du egitasmoak, eta, ibilbide horretan, hiru kantu eta bideoklip sorta sortu dira. Oraingoz, hemen bukatzen da haren ibilbidea, beste proiektu batzuei bide emateko”, azaldu zuten Bizipozaren arduradunek Hernaniko ekitaldian. 85.000 euroko ekarpena egin dio Fagor Taldeak Bizipozari hiru urteko epealdian.
Bizipoza osatzen duten hamaika elkartek ekoizturiko lana da aurkeztu berri dutena, eta, ohi moduan, euskal sortzaileen eta elkarteen arteko elkarlanak ezaugarritu du. Orotara, Euskal Herriko hamahiru idazle zein bertsolarik eta hogeitabi abeslarik esku hartu dute proiektuan. Hamabi kantu eta bideoklip, eta elkarteen deskribapena, aurkezpen testuak, ilustrazioak edota argazkiak barnebiltzen dituen liburuxka izan dira elkarlan horren emaitza. Dagoeneko hasiak dira kantuak eta bideoklipak aurkezten, eta eskuragarri jarri dituzte zenbait online plataformatan.
Hainbat erronka barnebildurik
Bizipoza elkartearen jardunaren garrantzia azpimarratu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Euskal Herriko elkarte ugari barnebiltzen ditu Bizipozak. Sekulako lana egiten du horiek guztiak ezagutarazteko. Hiru urteko ibilbidean, gainera, jende ugarik hartu du parte egitasmoan. Integrazioa, euskara, interkooperazioa… da Bizipoza”. Eta Fagor Taldeak bere aletxoa jarri gura izan du horretan, “komunitatearen aldeko lana” oinarri. “Etorkizuneko erronkei behar moduko erantzuna emateko dabil lanean Fagor Taldea, eta horietako asko ditu barnebildurik Bizipozak”, gaineratu du Iraunkortasun arduradunak.
Ikusgai da ekinbide berriaren aurkezpen ekitaldia laburtzen duen bideoa: