Skip to main content

KoopFabrikak ostiralerako antolatuak dituen Lurraldeak eta kooperatibak. Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak jardunaldien harira, ekinbidearen bueltakoek Fagor Arrasatera egin dute bisita gaur arratsaldean (otsailak 17). Besteren artean, Euskal Herriko kooperatiba industrial bat ezagutzeko eta Fagor 2030 iraunkortasun estrategiari zein Debagoiena 2030 sareari loturiko azalpenak jasotzeko aukera eskaintzea izan du hitzorduak xede nagusi. Arantzazun (Oñati) egingo diren jardunaldietako hizlariek eta ekinbidearen bultzatzaileek esku hartu dute hartan. Hainbaten artean, bertan izan dira Josep Vidal i Fabrega Generalitateko Ekonomia Sozialeko zuzendari orokorra; eta Coópoliseko (Bartzelona hiria), CoopCampeko (Tarragona) zein Ponent Cooperako (Lleida) ordezkariak.

Esan moduan, ez da helburu bakarreko hitzordua izan. Batetik, Euskal Herriko kooperatiba industrial bat bisitatu eta hari buruzkoak ezagutzeko aukera eskaini gura izan die Fagor Taldeak bertaraturikoei. Bada, Fagor Arrasaten egin da ekintza, eta kooperatibako lehendakari Iñaki Martinez Igualadak izan du azalpenak ematearen ardura. Oro har, pabilioi nagusia ezagutzeko aukera izan dute bertaraturikoek. Eta, hori bukatuta, Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaz eta Debagoiena 2030 ekinbideaz -bultzatzaile nagusienen artean da Fagor Taldea- jarduteko unea heldu da. Bada, Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak eskaini ditu Fagor 2030 estrategiari buruzko azalpenak.

Nagusiki, estrategiaren bost ardatz nagusiez -lehiakortasuna eta berrikuntza, gobernantza demokratikoa, pertsonen zaintza, planetarekiko konpromisoa eta garapen komunitarioa- egin du berba Iraunkortasun arduradunak. Horretan geratu barik, gisako ekinbideen alde egitearen arrazoiak azpimarratu gura izan ditu: “Geure eredu kooperatiboa berritzeko aukera eskaintzen digu. Aitzindari izan gura dugu kooperatibismoa iraunkortasunak ezaugarrituriko garai berrira egokitzeko zereginean. Etorkizunak erronka berriak dakarzkigu, eta, geuk, behar moduan egin gura diegu aurre horiei, beti ere, eredu kooperatiboa oinarri”.

Bere aldetik, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareari buruzkoak azaldu ditu Elena Herrarte Letona ekinbidearen koordinatzaileak. Azaldu duenez, besteren artean, XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emateko eraldaketa mugimendua sustatu gura du aipaturikoak, beti ere, eskualde adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa lortzera bidean. Horretarako, langai ditu lanaren etorkizuna, energia, mugikortasuna, elikadura sistemak, hezkuntza, ekonomia zirkularra, inklusioa eta komunitatea modukoak. Debagoieneko kooperatibak, tokiko erakundeak, hezkuntza eragileak… dira haren parte.

Aurretik, Mondragon Taldea ezagutzen

Jardunaldien bezpera ez da Fagor Arrasateko bisitarekin hasi. Ekinbidearen bueltakoek ekina zioten bailarako kooperatibismoari buruzkoak ezagutzeari. Bada, eguerdian, bisita egin dute Otalorara, eta, ostean, Mondragon Taldeari loturiko azalpenak jasotzeko aukera izan dute. Iñigo Iñurrategi Irizar Mondragon Taldeko Heziketa Kooperatiboko koordinatzailearena eta Ibon Antero Intxausti Iraunkortasuna eta Eraldaketa Sozialerako koordinatzailearena izan da kooperatiba taldeari buruzkoez berba egitearen ardura.

 

Idatzi iruzkina