Digitalizazio eta automatizazio kontzeptuak fabrikazio-sistema aurreratuetan integratzeari lotutako berrikuntza saria jaso du Fagor Automation kooperatibak ekainaren 3ko astean BECen (Barakaldo, Bizkaia) eginiko Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan, HMIelite: Gizaki-makina interfaze sistema (HMI) proiektuagatik. Epaimahaiak zibersegurtasunarekin lotutakoak hartu ditu kontuan, eta azaldu du Fagor Automationen produktuak malgutasun, moldagarritasun eta pertsonalizazio handia eskaintzen dizkiola azken erabiltzaileari. HMIelite interfacearekin batera, Serie 3 encoderra aurkeztu du kooperatibak atzitze sistemen negozioan; eta, Fagor Digital Suite, zerbitzuenean.
Europako merkatua (Alemania eta Italia batik bat) oso indartsu ez dagoen garaian egin da aurtengo Biurtekoa. Dena den, Fagor Automationeko ordezkarien esanetan, ez da geldialdirik sumatu. “Pandemiaren ostean moteldu egin da Europako merkatua, baina kooperatibak ez du hori igarri, beste merkatu batzuetan erritmo onean baitoaz salmentak. Badaude proiektuak; eta badirudi badagoela etorkizuna”, azaldu du Oliver Dioslado Fagor Automationeko CNC negozioko arduradun komertzialak. Gainera, dibertsifikazioan sakontzeko apustuarekin jarraitzen du kooperatibak, eta hori lagungarri zaio merkatuen gorabeherei aurre egiteko. Besteren artean, gaur-gaurkoz, makina-erremintaren, aeronautikaren, energiaren, automozioaren, ekoizpen aditiboaren, erdieroaleen edo metrologiaren sektoreetan da Fagor Automation.
Oro har, kooperatibako ordezkariak “pozik” dira Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak emandakoarekin: “Jende ugari etorri da gure standera. Horien artean zeuden bezeroak, alorreko adituak, kooperatibako kideak… Berrikuntzen inguruan jardun ahal izan dugu eurekin, bilera ugari egin ditugu, eta kontraturen bat ere sinatu dugu. Oso pozgarria da hori”. Gauzak horrela, eskerrak eman dizkiete gerturatu diren guztiei. “Asko izan zarete Fagor Automationen standera gerturatu zaretenak, bezeroak, lagunak… Eskerrak eman gura dizkizuegu”, azaldu dute.
Bestetik, Biurtekoa bukatu berritan, haren ingurukoak ezagutzeko, Oliver Dioslado Fagor Automationeko CNC negozioko arduradun komertziala elkarrizketatu gura izan du Goiena telebistak: