Berrikuntza eta iraunkortasuna funtsezko dira Fagor Taldeko Fagor Ederlan kooperatibarentzat, eta, horrek, mugikortasun elektrikoaren alorrean aurrera egitea eta produktu edota zerbitzu berriak sortzea dakarzkio. Horretan geratu barik, kooperatibaren eta haren ekoizpen planten posizionamendua hobetzea eragiten duten transferentzia teknologikoari loturiko hainbat proiektu barnebiltzen dituen portfolio baten lanketarekin ari da -horiek burdin-galdaketari, aluminio-injekzioari, aluminio-galdaketari, mekanizazioari eta muntaketari loturikoak dira-. Hain zuzen ere, horixe bera du berbagai Ainara Lozano kazetariak 2023ko abenduaren 15ean euskal industrian espezializatua dagoen Empresa XXI hedabidean argitaraturiko artikuluan.
Era berean, automobilgintzaren sektorea mugikortasun elektrikorantz egiten ari den eraldaketatik, lehengaien zirkulartasunetik, industria-prozesuen deskarbonizaziotik eta arau erregulatzaile berrietatik eratorritako erronkak behar moduan heltzeko ari da lanean Fagor Ederlan, besteak beste, euskal enpresetan ikerketa eta garapena bultzatzera bideraturiko Hazitek programaren baitako dozena erdi proiektu estrategikotan murgildurik.
Bide beretik, isurketak murriztu daitezen balazta-soluzioak garatzeko Braketor egitasmoa; produktuen eta prozesuen soluzio teknologikoak garatzeko edota txasisaren atzeko azpiframetarako kostu lehiakordun ingurumen-alternatiba iraunkorrak eskaintzeko Sopa! ekinbidea; galdategietako hondarrarekin egindako ingurumen-aztarna txikiko osagaiak fabrikatzeko Hicore proiektua… ditu esku artean Fagor Ederlanek.
Ostera, digitalizazioaren aldeko estrategian sakonduz, Hiscale egitasmoan dago murgildurik kooperatiba. Haren bidez, ekarpena egin gura zaie industria-prozesuei, nagusiki, gauzen Internetaren eta adimen artifizialaren bidez.