Berdintasun Batzordea eratu berri da Fagor Taldean. Ez da egun batetik bestera jaiotako ekinbidea, urteetan aurrera eroandako lanketa ezberdinen eraginez identifikaturiko beharra baizik. Besteren artean, horretan esangura berezia du kontziliazioaren inguruko lanketak. Bada, 2020. urtean ekin zitzaion Fagor Taldean gaia jorratzeko planteamenduari, eta, ikusi zen, hura ezin zitekeela berdintasunaren markotik kanpo kokatu. “Lanketak aurrera egin ahala, geroz eta nabarmenagoa zen gaia berdintasunaren ikuspegitik lantzeko beharra. Tartean, ondorioztatu genuen kontziliazioa ezin zitekeela genero berdintasunaren markotik kanpo egon, eta, beraz, gisako gaiei behar moduan heltzeko, batzorde baten beharra zegoela. Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren markoan kokatzen da batzordearen sorrera”, aitortu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak. Bada, batzordea egituratuta, kideak azaroaren 26an batuko dira lehenengoz.
Hiru lan ildo nagusi izango ditu batzordeak: lidergoa eta politika orokorra; kultura eta gizarte eraldaketa; eta pertsonen arloa. Horien artean leudeke barne komunikazioari eta parte hartzeari loturiko ekinbideak, formakuntzara eta sentsibilizaziora bideraturikoak, berdintasunaren aldeko ekintzetan azal litezkeen atxikimenduak, kontziliazioa eta pertsona arloko gaiak… Osaerari dagokionean, Gestio Sozialeko ordezkaritza zabala, Fagor Taldeko Kontseilu Sozialeko eta Kontseilu Orokorreko ordezkariak izango dira kide.
Pertsonen ongizatea, oinarri
Fagor 2030 iraunkortasun estrategiak erdigunean jarriak ditu pertsonak, eta haien ongizatera begirako zenbait ekimen ditu martxan jarriak. Zeregin horren baitan da Berdintasun Batzordearen sorrera. “Pertsonen inplikazioarendako eta konpromisoarendako mesedegarri izango diren testuinguruak sortu gura ditugu. Horretarako, beharrezkoa da genero berdintasuna sustatzeko lagungarri diren ekimenak edota dinamikak lantzea”, azaldu du Gestio Sozialeko arduradunak.