Mundu mailako 2.500 farmazia eta 50.000 paziente baino gehiagok dute konfiantza Fagor Healthcarengan, eta % 95ekoa da zerbitzua erabiltzen duten pazienteen atxikimendua. Horrela, sektore farmazeutikoan erreferente bilakatzea lortu du Fagor Healthcarek, Medical Dispenser sendagaiak prestatzeko sistemari esker.
Agindutako tratamendua ondo jarraitzea funtsezkoa da -gaixotasun kronikoa duten gaixo askok ez dituzte tratamenduak behar bezala jarraitzen-. Arazo horri konponbidea bilatzen dio Medical Dispenser sistemak. Hari esker, ‘blisterrak’ modu seguru eta eraginkorrean prestatzeko aukera izango dute farmazeutikoek.
Zabalkunde internazionala eta hazkunde iraunkorra
Fagor Healthcaren fakturazio handiena Espainiako Estatukoa da (% 85). Hori bai, 2024an, % 8ko igoera izan zuen esportazioetan, merkatu internazionaletan haren presentzia bermatuz.
Eta erronka berriak dituzte 2025erako: Espainiako Estatuko merkatuan % 10eko hazkundea izatea -farmazietan eta pazienteetan- eta lidergoa finkatzea gizarte eta osasun arloetan. “Pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea da Fagor Healthcareren helburua. Horretarako, Medical Dispenser sistema ezinbesteko tresna da; izan ere, hari esker, gaixoei zerbitzu pertsonalizatua eta eraginkorra eskaintzeko aukera dute botikariek”, adierazi dute Fagor Healthcaretik.
Berrikuntzarekin eta kalitatearekin duen konpromisoa dela eta, alor soziosanitarioan funtsezko bilakatu da Fagor Healthcare.