Skip to main content

Bide onean doa Fagor Arrasate kide den Comic proiektua -osagai multimaterialen fabrikazio malgu eta automatizaturako teknologia gaitzaile berrien ingurukoa da-. Bi urte betetzear direnean, orain arte egindakoaren errepasoa eskaini du kooperatibak. Oro har, automobilgintzaren eta aeronautikaren, eta, zehatzago esanda, manufaktura-sektorearen, lehiakortasunerako proiektuak ditu erdigunean Comicek -gaur-gaurkoz, automobilgintza eta aeronautika dira manufaktura-sektoreko negozio nagusiak-. Fagor Arrasaterekin batera, DGH Robotica, Automatizacion y Mantenimiento Industrial, Autotech Engineering, Sofitec Aero, Inespasa, Endity eta Managing Composites dira proiektuaren parte. Horiez gain, Koniker, Ideko, Iti, Tekniker eta Aimen ikerkuntza zentroek ere badihardute proiektuan.

“Helburu nagusia osagai multimaterialen fabrikazio integral eta efizientearen kontzeptu berriak ikertzea da, fabrikazio malgu eta adimenduna ahalbidetuko duen arkitektura digital baten definizioan oinarrituta eta fabrikazio aurreratuko teknologien garapenarekin uztartuta, beti ere, fabrikatu beharreko osagaiak erdigunean izanda”, azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek.

Hain zuzen ere, fabrikazio multimaterialeko balio-kateentzako enbrioi datuen espazioaren, osagai multimaterialen kontzeptu berrien, oso malguak diren fabrikazio multimaterialerako prozesuen eta fabrikazio malgurako zein zero akatserako estrategia digitalen ingurukoak landu dira Comic proiektuan. Alor horietan, askotarikoak izan dira egindako aurrera urratsak: produkzio-prozesuetako hardware-sistemen konektagarritasunaren diseinua, datuen biltegiratzea eta trataerarako datu egokien hautatzera, hiru erabilera kasutarako aurretiazko diseinuak, pieza bakoitzaren aurretiazko kalkulu-etapak, erabilera kasu bakoitzerako fabrikazio-etapen definizioa, osagai berriak ekoizteko eta muntatzeko tresneriaren diseinua eta birdiseinua, zenbait ebaketa-proba eta soldadura, kalitatearen eta zero akatsen kontrol estrategietarako eskakizunen edota  kalitate kontrolerako teknologien definizioa…