Skip to main content

Galbaian

Bezeroei aholkularitza eta zerbitzu onena emateko, prestakuntza gorenaren alde jarraitzen du Galbaianek

Prestakuntza gorenaren bidez, bezeroei aholkularitza eta zerbitzu onena emateko lanean dihardu Galbaian kooperatibak. Horren adierazle, lantaldeko zenbait kidek 2023an lorturiko titulazio profesionalak. Bada, Patente Europarren Agente titulua lortu dute Elena Zabala Iturriagagoitiak eta Jorge Santiago Larrinagak; European Patent Litigator ziurtagiria, Mireia Ansoategi Orunak eta Idoia Apraiz Telletxeak; eta, EPAC European Patent Administration Certification ziurtagiria, Maitane Diaz Alcelayk eta Ainhoa Barreiro Sanchezek.


Fagor Arrasate

Ribinerf enpresa teknologikoaren kapital sozialean sartu da Fagor Arrasate

Ribinerf enpresa teknologikoaren kapital sozialean sartu da Fagor Arrasate, fabrikazio-prozesuen automatizazioan urrats berri bat eginez. Izan ere, akordioari esker, piezen kalitatearen kontrolerako, pickingerako eta rackingaren automatizaziorako puntako teknologiak ditu eskuragarri kooperatibak. Besteren artean, horiek prozesu kritikoak dira automobilen, etxetresna elektrikoen eta siderurgiaren sektoreko bezeroentzat. Ribinerf enpresaren akzioen %70 harenganatu ditu Fagor Arrasatek.


Copreci eta Fagor Electrónica

Coprecik eta Fagor Electrónicak lantegi bateratua jarri dute martxan Turkian, kudeaketa aurreratuko makina eta ekoizpen sistemekin

Etxetresna elektrikoen elektronifikaziotik eratorritako erronkei interkooperazioan oinarrituriko erantzuna emateko apustua egin dute Coprecik eta Fagor Electrónicak. Horietan lehenak, 2003an zabaldu zuen Turkian haren lehen ekoizpen planta, balbulen eta bestelako osagaiak darabiltzaten gas sukaldeen tokiko ekoizleen hornikuntzarako. Orain, erabakiaren arrakasta ikusirik, Fagor Electrónicarekin elkarlanean, urrats berri bat egin du, ikusirik goraka doala Turkiak sektoreko produktuen garapen komertzialean eta industrialean duen garrantzia. Finean, kooperatibek prest egon gura dute produktu teknologikoagoak dituen merkatuaren beharrak asetzeko. Coprecik eta Fagor Electrónicak lantegi bateratua jarri dute martxan Turkian, kudeaketa aurreratuko makina eta ekoizpen sistemekin.

Hori horrela, kudeaketa aurreratuko makinak eta ekoizpen sistemak dituen planta bat eraiki dute Copreci eta Fagor Electrónica kooperatibek, eta esangura handiko inbertsioa egin dute ekoizpenerako eremuak egokitzeko, besteak beste, exigentzia handiko eskakizunei behar moduko erantzuna emateko. Planta berria dagoeneko hasia da lehen indukzioen hornikuntzarekin. Esan barik doa azken hamarkadetan etxetresnen sektorean hazkunde handiena eragin duten produktuen artean direla indukzioari loturikoak, eta, hori horrela, halako urratsak apustu estrategiko direla kooperatibentzat.


Fagor Industrial

Host Milan azokan aurkezturiko produktu eta zerbitzuek izaniko harrerarekin, “pozik”

Bi urtean behin Milanen (Italia) egiten den Host Milan azokan izan zen Fagor Industrial 2023ko urrian. Bertan, azken bi urteotako zein etorkizuneko produktuen prestazio eta kalitate hobekuntzak aurkeztu ziren. Zerbitzuen alorrean, harrera positiboa izan zuten kooperatibaren produktuek dituzten IoT (Internet Of Things) funtzioek. “Oso irudi ona eta indartsua eman zen, eta bertan aurkezturikoak oihartzuna izan zuen hainbat sektoretako aldizkari espezializatuetan”, gaineratu dute Fagor Industrialetik.


Mondragon Assembly

Kilometro solidarioak pilatu dituzte Mondragon Assemblyko kideek

Kirol erronka solidarioa egin zuen Mondragon Assemblyk bigarren urtez jarraian. Hainbat kirol modalitateren bidez, hamar asteko epean, 30.000 kilometro pilatu gura ziren –munduari bira ematearen pareko distantzia da–. Guztira, 191 pertsonek hartu zuten parte, eta lortu zuten helburua. Hori horrela, osotara, 8.000 euro bideratu zituen Mondragon Assemblyk gobernuz kanpoko bi erakundetara: 5.000 euro jaso zituen Esat le Royalek; eta, 3.000 euro, Esku Hutsikek.


Fagor Automation

Berrikuntzan sakontzeko konpromisoari heldurik jarraitzen du Fagor Automationek

Bereizgarri dituen gaitasun teknologikoetan eta berrikuntzan sakontzeko lanean jarraitzen du Fagor Automationek. Haren hiru negozioek igartzen dute ahalegin hori: enkoderren familia iraunkorrek, CNC sistemek eta zerbitzuek (tartean dira digitalizazio soluzioak). Berrikuntza zentro propioa (Aotek) du horretarako. Finean, Open To Your World leloa oinarri, orain arte moduan, bezeroengandik gertu egotea izango du lehentasun kooperatibak, munduko 50 herrialde baino gehiagotan merkatuko automatizazio-soluzio aurreratuenak eskaintzen jarraitzearekin batera.


Fagor Ederlan

Jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berretsi du Fagor Ederlanek EcoVadisekin

Jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berretsi du Fagor Ederlanek EcoVadis ebaluazioan zilarrezko domina lortuta. Hartan, ingurumen, praktika laboral eta giza eskubide, etika edota erosketa jasangarriei loturiko politika, ekintza eta emaitzak baloratzen dira. “Emaitza horrek berretsi egiten du Fagor Ederlanek jasangarritasunaren alde hartua duen konpromisoa. Lortutako puntuazioak, aurreko ebaluazioak gainditzen ditu eta sektoreko batez bestekoaren gainetik jartzen du Fagor Ederlan”, azaldu dute kooperatibatik.