Bi kooperatiben arteko bat-egite prozesua uztailean gauzatu zen, bakoitzaren Batzar Orokorrean erabakia berretsi ostean. Ondorioz, xurgatze-prozesu baten bidez, Altsasukoko bazkide kooperatibistak Copreciko kide egin dira, eta Fagor Taldera batu zaizkigu.
2010ean krisiak gogor jo zuen Sakanako eskualdea. Testuinguru horretan, Isphording Hispania S.A. enpresak bere ateak itxi zituenean, Altsasuko Kooperatiba sortu zuten hango zenbait langilek Copreci, Osagai Dibisioa eta Mondragon Inbertsioen partaidetzarekin, eta dagoeneko hamar urteko ibilbide oparoa egin dute kooperatiba misto gisa. Coprecirekin elkartzean, baliabideak eta egiturak elkar partekatuz eta egokituz, bideragarritasun osoa bermatzen zaio proiektuari. Enpresek bat egiteko momentuan, Altsasuko Kooperatibak 25 bazkide-langile zituen lantaldean. Arlo profesional eta industrialetako gas balbulak egitea da bere jarduera nagusia.
Lerrootatik ongietorria ematen diegu Altsasutik Fagor Taldera batu zaizkigun kide berriei, eta bereziki txalotzen dugu, ekonomia sozialaren eskutik, urte hauetan ehun industriala defendatzeko egin duzuen ahalegina eta apustua. Ongi etorri!