Skip to main content

Euskadi Agenda 2030 sariak banatu dira lehenengoz, izaera desberdineko entitateek Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) duten konpromisoa aitortzeko. Bidean erdi mailako ziurtagiria jaso du Fagor Taldeak. Zehatz esanda, zehazturiko gutxieneko baldintzak bete eta alorrean aditu direnen kanpo kontrastea izan duten 16 erakundek lortu dute aitortza hori. Horrez gain, goi mailako Aurreratua ziurtagiria jaso dute kanpo kontraste horretan maila jakin bat lortu duten 10 erakundek; eta, oinarrizko Konpromisoa, autoebaluazio osoa online plataforman egin duten 34k. Lehendakaritzan egin da sari banaketa ekitaldia, otsailaren 24an, Imanol Pradales Gil Jaurlaritzako lehendakariak zuzenduta.

Orotara, tamaina eta jarduera-sektore guztietako 60 erakundek jaso dute aitortza, euren kudeaketa-sistemak GJHekin duen lerrokatze-mailagatik. Finean, helburua da erakundeen jasangarritasunaren alorreko konpromisoa indartzea, besteak beste, GJHek lehiakortasun iraunkorreko elementu gisa izan ditzaketen garrantzia ikusaraziz. Gainera, Euskadi Agenda 2030 sariek metodo bat eskaintzen dute entitateen kudeaketa-sistemak GJHekin duten lerrokatze-maila aztertzeko eta erakunde aurreratuenak identifikatzen dituzte, beste batzuentzat pizgarri eta erreferente izan daitezen GJHei lotutako kudeaketa-jardunbide egokietarako.

Ebaluazio prozesua

Kanpo-kontrastean, Euskalit kudeaketa aurreraturako fundazioko GJH Ebaluazio Klubeko 80 pertsonek jarduten dute -horiek guztiak aditu dira kudeaketa aurreratuan eta jasangarritasunean-. Besteren artean, kanpo-ikuspegi bat eskaintzen diete entitateei, euren egoera ezagutzeko eta alorreko erronka nagusiak identifikatzeko lagungarri.

Iraunkortasunarekin konprometituta

Fagor Taldeak Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu zuen 2021ean, eta, ordutik, aurrera urrats esanguratsuak egin ditu bide horretan. Finean, kooperatibagintzak berezko dituen ezaugarrietatik, gizarte konpromisotik, lehiakortasuna eta berrikuntzarekin, gobernantzarekin, pertsonen zaintzarekin, planetarekin eta garapen komunitarioarekin loturiko konpromiso zein bide orria ditu zehazturik. Horren bideko urratsak egiten dabil azken urteotan, unean uneko beharretara egokituriko barnera zein kanpora begirako ekimenen bidez.