Adimen artifizialean sakontzen ari da Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatiba azken urteotan. Batez ere, ikusmen bidezko kalitatezko kontrolean eta balizko akatsen identifikaziorako baliagarri diren ikuspen artifizialerako bitartekoetan darabil teknologia. Jean-Philippe Aguerre Mondragon Assemblyko Berrikuntza zuzendariak El Diario Vasco egunkarian azaldu duenez, gisakoek kalitate- edo prozesu-ingeniariak edota ekoizpen linean dabiltzan teknikariak laguntzen eta aholkatzen dituzte. Are: teknologiaren erabilera eta hark ekoizkinen kalitatean eragindako hobekuntzak lagungarri izan dira kooperatibak lantaldea bikoiztu dezan haren filialetan zein Aretxabaletako lantegian (Gipuzkoa).
Hori bai, kooperatibako Berrikuntza zuzendariak aitortu du teknologiak oraindik baduela hobekuntzarako tartea, bestelako ikerkuntza edo enpresa eragileek aipatu izan duten gisara. “Akatsen detekzioan oraindik ere bide luzea luke egiteke. Epe motzean, dena den, espero da adimen artifiziala gai izatea erabakiak hartzeko, galdetu beharrik izan barik. Urrats esanguratsua litzateke”, argitu du.
Egokia, adimen artifizialean aurrera egiteko tresna
Digitalizazioaren aldeko apustua berretsiz, elkarlaneko ikaskuntza automatikoan oinarrituriko Egokia tresna aurkeztu dute berriki Mondragon Assemblyk eta Ikerlan teknologia zentroak -datuen pribatutasuna bermatzeko bitarteko da Egokia-. Harekin, urrats esanguratsua egin dute alorreko merkatuan. “Egokiari esker, munduan zeharreko bezeroek eta lantegiek darabiltzaten adimen artifizialdun modelo desberdinak sortu eta kudeatu ditzake Mondragon Assemblyk. Harekin, kooperatibak, unean unekora egokitzeko gai diren zerbitzu hobeak eskaini diezaieke bezeroei, kostuak murriztuz, efizientzian eta errentagarritasunean sakonduz, eta datuen pribatutasuna bermatuz”, azpimarratu du Aguerrek.