Debagoieneko trantsizio energetikoan eragiteko gakoak identifikatu ditu Debagoiena 2030 ekimenak. Hain zuzen ere, 2020. urte bukaeran ekin zion egitasmoak trantsizio energetikoaren erronka lantzeari, eskualde adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa lortzeko bidean. Eta energia trantsizioak bailaran duen errealitatea aztertzen jardun du ordutik -batez ere, eremu urbanoko energía eredua izan du aztergai-, esku-hartze proposamen bat aktibatzeko helburuarekin. Bada, Debagoiena 2030ek aurkeztua du orain artean landuriko eta aurkezpen hitzorduan izan zen Fagor Taldeko ordezkaritza.
Besteren artean, gaiaren lehentasunezko izaera azpimarratu du Debagoiena 2030 ekimeneko kide Aritz Ameztegik: “Europatik datozen legedi eta irizpideak berdez jantzita datoz. Azken urteetan eman den bilakaera nabarmena da eta lerrokatuta behar dugu zentzu honetan. Gainera, aldaketa klimatikoak epe bat dauka. 1,5 gradu baino gehiago ezin da igo lurraren tenperatura 2050erako eta une horretan izango ditugun uztak jasotzeko orain hasi beharra dago”.
Askotarikoak dira analisi faseak azalarazirikoak. Hainbaten artean, Debagoienean iraunkorra, berriztagarria eta inklusiboa izango den eredu energetikoa sustatzeko helburuarekin, hiru azpi erronka identifikatu dira: eraikinen eraberritze energetikoa; energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa, burujabetza energetikoa ipar izanda, herritarrak energia sorkuntza berriztagarrian inplikatzea bultzatuz; eta trantsizio energetikoaren inguruan sor daitezkeen jarduera ekonomiko berriak. Hain zuzen ere, diagnostiko fasean, 22 elkarrizketa egin dira eskualdeko eragileekin (instituzio publikoetako ordezkari tekniko zein politikoak eta adituak), eta 24 ikerketa-txosten aztertu, zazpi legedi eta bi planekin batera.
Ostera, lau oinarri identifikatu dira diagnostiko fasean azpi-erronkei erantzuteko. Hor daude herritarren sentsibilizazioaren lanketa; eredu kolaboratiboan jardutea; Debagoienean jadanik egon badauden egitura eta dinamikak indartzea ; eta, soluzio berrien laborategi baten bitartez, erronkei erantzuna emango dieten irtenbideak identifikatzea eta prototipatzea. Bada, diagnostiko fasea bukatuta, esku-hartza fasea letorke. Aipaturiko horiek lirateke aurrera begirakoaren oinarri.
Bada, diagnosi fasean jasotakoen aurkezpen saioa emankortzat jo du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Trantsizio energetikoaren helburua oso konplexua da. Konpromiso partekatuak behar dira, eta, eragile bakoitzak gure konpromisoak hartzeaz gain, pentsatu beharra dugu zela egin dezakegun herritarrak trantsizio horren parte bilaka daitezen. Azken helburu horri begira, aukera interesgarriak azaldu ziren aurkezpen saioan”. Esan barik doa Debagoiena 2030 ekimenaren bultzatzaile nagusi dela Fagor Taldea.