2022. urtera artean landu beharreko 35 proiektu babestu ditu Eusko Jaurlaritzak Ikerkuntza eta Garapenari loturiko Hazitek programaren bidez. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa nagusiak barnebiltzen dituzte proiektuok eta Fagor Taldeko zenbait kooperatiba ere badira horietan -Fagor Automation, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Fagor Electronica eta Mondragon Assembly-. Bada, %19,7 eta %49,8 arteko diru-laguntza aldaera izan zuen Hazitekek 2020an, Eusko Jaurlaritzak egindako puntuazioa oinarri. Eta, besteren artean, Sener enpresak bultzatu eta Fagor Automation kide den Hi-Prest egitasmoa dago puntuazio altuena erdietsi dutenen artean. Horrez gain, Fagor Taldeko kooperatibek esku hartzen duten Edge4FoF, Adiera, Tech4Cut, Smartcon, Automtia y Coral moduko proiektuak babestu ditu Hazitekek.
Zehatz esanda, Haziteken babes handiena jaso duten enpresen artean da Fagor Automation, murgildurik dagoen lau egitasmok haien onarpena erdietsita. Hainbaten artean, haren ezagutza eskaintzen dio kooperatibak Hi-Prest egitasmoari, zehaztasun handiko irudiak egiteko gai litzatekeen teleskopio espaziala sortzeko zereginean -ostean, Europako Agentzia Espazialari eskaini gura liokete produktua-. Zeregin horretan, Fagor Automationi baliagarri zaizkio zehaztasun handiko encodersen lanketan eta posizio algoritmoen kontrolean dituen gaitasunak.
Eta horretan geratu barik, Haziteken babesa duten bestelako proiektuekin ere badabil Fagor Automation. Horien artean da sektore aeronautikoko Abio II deiturikoa. Haren bidez, pieza aeronautikoen ekoizpenerako makina eta sistema lehiakorrak lantzen dabil, pieza mekanizatuen ekoizpenarekin dabiltzan ekoizleendako produktu, irtenbide eta zerbitzu aurreratu berriak identifikatzen, garatzen eta ebaluatzen. Makineriaren sektorean, ostera, Edge4FoF proiektuan dago murgildurik Fagor Automation. Hain zuzen ere, EtxeTar enpresa da haren bultzatzaile nagusia eta etorkizuneko fabrikarendako Edge zein Cloud arkitektura hibridoaren garapenean sakontzea du helburu. Bukatzeko, Adiera proiektuarekin ere badabil Fagor Automatio, Mondragon Assemblyrekin, Fagor Arrasaterekin, Oronarekin, Ingeteamekin eta Orklirekin batera, irtenbideen eta zerbitzu adimendunen bidez, trantsizio digitalaren eragile izango den ezagutza industrialaren produktibitatea landu guran.