2020ko urtea amaitzear, IPDK heziketa eta kooperatiba sustapenerako zein interes publikoko beste helburu batzuetarako fondoaren banaketa onartu berri du Fagor Taldeak. Fondo hau kooperatiben urterako irabazien %10arekin hornitzen da, eta hiru esparru ezberdinetara bideratzen da: hezkuntza sustapena, sustapen sozial zein kooperatiboa eta banaketa komunitarioa. Hain zuzen ere, horiexek izan dira oinarri 2.052.890 euroko kontribuzioaren banaketa adostean. “Testuinguru ekonomiko zaila ekarri digu Covid 19-ak, baina, esan daiteke, inoiz baino garrantzitsuagoa dela hezkuntza, ekintza sozialak zein egitasmo kooperatiboak sustatzen eta haiei bultzada ematen segitzea, erantzukizun sozialez. Asko dira horren bidean martxan diren egitasmoak, gizarteari ezinbesteko ekarpena egiten diotenak. Ahal dugun neurrian, horiek laguntzen jarraitu behar dugu, gizarte moduan krisitik indartuta ateratzeko”, argitu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidenteak.
Hezkuntza sustapena
Hezkuntza sustapenaren alorra laguntzen segituko du Fagor Taldeak, Debagoieneko hezkuntza eragile kooperatiboekin daukan lankidetzari jarraipena emanez, Gizabidea Fundazioari egindako ekarpenari esker -325.412 euro-, batez ere. Hain zuzen ere, askotarikoak dira hezkuntza alorrean dauden ekinbideak, eta, horietako zenbait, zuzenki lagunduko ditu Fagor Taldeko kontribuzio fondoak. Horien artean dira Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren eraikin berria, HUHEZIk eraberritu berri duen Eskoriatzako fakultateko Dorleta eraikina eta Arizmendi Ikastolaren eraberritze arkitektonikoa -eredu pedagogiko berrira egokitzea da helburua-.
Sustapen sozial eta kooperatiboa
Askotarikoak dira sustapen sozial eta kooperatiboari dagokionez martxan dauden egitasmo estrategikoak. Batetik, Fagor Taldeak erdigunean jarria du berriki aurkeztu den Debagoiena 2030 garapen iraunkorrerako sarea -813.531 euroko ekarpena egingo dio -. Zehatz esanda, gizarte eta lurralde moduan dauden erronkei (klima aldaketa, lanaren etorkizuna, gizartearen zahartzea…) erantzuteko eragile ezberdinen arteko aliantzak (Unibertsitatea, erakunde publikoak, enpresak eta gizarte eragileak) eraikitzeko bitarteko moduan sortu zen ekinbidea. Fago Taldea hasieratik egon da zuzenki inplikatua egitasmo honen sorreran eta garapenean, eta bere konpromisoaren adierazle da ekimen honetara bideratu duen laguntzaren zenbatekoa. Zentzu honetan, aipatutako kopuruaz gain, urteroko irabazien %2 gehigarri batekin hornitzen duen Gizarte Eraldaketa Fondotik 500.000 euroko ekarpena egin dio ekimenaren baitan zehaztuak dauden lehen prototipoen finantzaziorako.
Bestetik, urratsak egiten segituko du euskararen normalizazioaren bidean -650.824 euroko ekarpena egingo du-. “Komunitate moduan daukagun beste erronka bat da euskararen normalizazioa, eta, gure hizkuntza normalizatuko bada, behar beharrezkoa da lan munduan ere euskararen erabilera normalizatzea. Eusko Jaurlaritzak zehaztu berri duen euskararen normalizaziorako plan estrategikoak ere halaxe jasotzen du”, azaldu du Fagor Taldeko presidenteak. Bada, Fagorrek urteak daramatza helburu horrekin. Esaterako, IPDKren kopuru esanguratsu bat bideratu ohi du Taldeko kooperatiben euskara planen finantzaziora.
Ostera, garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetzan sakontzen segituko du Fagor Taldeak -162.706 eurokoa da ekarpena-, Mundukide Fundazioari eta Garabide elkarteari emandako laguntzen bitartez, besteak beste. Lehenak, batez ere, Mozanbiken eta Brasilen dihardu, filosofia kooperatiboarekin koherentzian, bertako komunitateen garapen endogenoa bultzatzen. Bigarrenak, bestetik, euren hizkuntzen berreskuratze prozesuan dabiltzan herrialdeekin egiten du lan, euskararen biziberritzean izandako esperientzia partekatuz eta heien prozesuak ezagutuz. Oro har, aberastasunaren banaketan ipar eta hegoaren artean dagoen desorekan eragin gura du Fagor Taldeak.
Eta aurrekoetan geratu barik, interkooperaziorako eta kooperatiba sustapenerako bitartekoak ere jarriko ditu Fagor Taldeak -100.417 euro-. Horri esker, zuzenean sustatzen ez dituen ekimenak lagunduko ditu euskal lurraldean. Besteren artean, Kilometroak, Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kontseilua, Topagunea eta Argia astekaria lagundu ditu 2020an. Eta lankidetza hitzarmenak oinarri, Jalgi-Dapa (20.000 euro), Bizipoza (25.000 euro), Gureak (10.771 euro) eta Errigora (30.000 euro) egitasmoak laguntzen segituko du. Bada, azken urtea du Jalgi-Daparekin sinaturiko hitzarmenak -aurtengo laguntzarekin, 110.000 euro lirateke 3 urtean Fagor Taldeak ekinbidera bideraturikoak-.
Banaketa komunitarioa
Banaketa komunitarioari dagokion fondoa kooperatibek kudeatzen dute zuzenean -tokian tokiko askotariko eragileei hortik ematen zaizkie diru-laguntzak-. Bada, betiko lez, Fagor Taldeko kooperatibek dagokien diru partidak jasoko dituzte IPDK kontribuzioaren banaketatik -guztira, 260.330 euro daude horretarako-.