Debagoienak XXI. mendean dituen erronka globalei erantzun bateratua emateko egitasmoa da Debagoiena 2030. Fagor Taldean hasieratik izan gara proiektuaren kide eta bultzatzaileak. Eraldaketa soziala eta ekonomia bateratuta, eskualdea garapen iraunkorraren bidetik gidatzea da ekimenaren helburu nagusia.
Aurkezpen ofiziala Debagoiena 2030 Sarearen Gobernu Batzordea osatzen dugun eragileek egin genuen urriaren 1ean, Eskoriatzako Ibarraundi museoan egindako ekitaldian. Horrekin batera, ekimena ofizialki martxan jartzeko konpromisoa idatziz sinatu genuen, Debagoieneko, Gipuzkoako eta Euskal Herriko 13 erakundek: Arrasateko Udala, Oñatiko Udala, Bergarako Udala, ULMA, Debagoieneko Mankomunitatea, Garaia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Goiena, Mondragon Taldea, Mondragon Unibertsitatea, Saiolan, Agirre Lehendakaria Center, eta Fagor Taldea.
Fagor Taldeko presidente Joxean Alustiza izan genuen ordezkari, eta kooperatibak ekimenaren parte izatea zerbait naturala dela azpimarratu zuen, “gure DNAn daramagu erantzukizun sozialarekiko konpromisoa eta eraldaketa bultzatzeko nahia. Elkarrekin emaitzak biderkatu egiten dira”.
Debagoiena 2030 ekimena
XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko egitasmoa da Debagoiena 2030. Askotariko eragile eta norbanakoen lankidetzatik, metodologia, proiektu eta ekimenak bultzatu eta konektatuz, erronka horietan inpaktu esanguratsua izan nahi duen sarea sortzen ari da.
Eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutrorantz, 2019. urtean egindako esplorazioan oinarrituta, honako hauek dira gaur-gaurkoz identifikatu diren eragin eremu edo arloak; hala, horietan eragiteko langintzak aktibatuko dira: Lanaren Etorkizuna, Energia, Mugikortasuna, Elikadura Sistemak, Hezkuntza, Ekonomia Zirkularra, Inklusioa eta Komunitatea.
Informazioa: Debagoiena 2030 / Goiena