Batzar Orokorrak gure izaeraren bereizgarrietako bat dira. Bazkide bat, bozka bat printzipioan oinarrituta, kooperatibista bakoitzaren ardura eta konpromisoa dira gure ereduaren funtsa.
Batzarrek gorpuzten dute funtzionatzeko berdintasunezko modua. Urtero ohikoak dira, baina urtero izaten dira aldaketak. Aurten ezinbestean, normaltasun berrian egindako batzarren jarraipena egin dugu Fagor Ederlan kooperatiban.
Uztailaren 2an hasi zen Fagor Ederlaneko batzar telematikoaren prozesua, Ederteken egindako hitzaldi informatiboekin. Presidenteak eta zuzendari nagusiak streamin-zerbitzu baten bidez helarazi zieten kooperatibistei eman beharreko informazioa, uztailaren 2an eta 6an goizez eta arratsaldez egindako saioetan.
Uztailaren 7tik 13ra galderak egiteko kanal bat ireki zen, Ederapp aplikazioaren bidez. Uztailaren 15an eta 16an bazkide guztiek aplikazio baten bidez zenbait gairen inguruako botoa emateko aukera izan zuten.
Bozketa horien emaitzak uztailaren 18an Arrasateko Garaia eraikinean egindako batzar orokorrean berretsi ziren. Batzarrean 83 pertsona egon ziren presentzialki, eta Fagor Ederlaneko gainerako kooperatibistek etxetik jarraitu ahal izan zuten.
Aitor Aspe Fagor Ederlaneko presidenteak prozesuaren balorazio oso positiboa egin zuen, eta, besteak beste, etorkizuneko batzarretan aplikatzeko moduko prozedurak barneratu izana azpimarratu zuen.