Egungo krisi egoerak sortutako ziurgabetasuna ardatz hartuta, gai ekonomikoei eta sozialei buruz aritu zen Aritz Otxandiano Fagor Taldeko berrikuntza sozialeko arduraduna, Batz eta Emun enpresetako ordezkariekin batera Naiz Irratian antolatutako mahai-inguru batean. Azken asteetan bizi izandako egoerak eta bizipenak partekatu zituzten, eta etorkizunera begirako hainbat gogoeta egin zituzten.
Fagorreko kooperatibak krisiari aurre egiteko neurriak urte hasieratik hartzen ari direla adierazi zuen Otxandianok. “Mundu osoan lantegiak ditugunez, Asian eta, bereziki, Txinan ditugun lantegietan hasi ginen lehendabizi Covid-19aren inpaktua jasaten, nahiz eta ez genuen imajinatzen Txinan bizitzen ari zen hori hemen ere bizitzea tokatuko zitzaigunik”.
Covid-19ak izango duen inpaktua baloratzeko goizegi den arren, Aritz Otxandianok epe laburra eta epe luzea begiratu behar direla aipatu zuen. “Epe laburrera, eskarira egokitu behar gara, zenbait neurri hartuta, aurtengo kolpeari ahalik eta hobekien eusteko. Epe ertainera eta luzera, berriz, Covid-19ak eragin ditzakeen egiturazko aldaketak baloratu beharko dira, aurretik zetozen bestelako tendentzia batzuekin batera. Covid-19ak eragindako krisia hasi aurretik, Fagor Taldeko kooperatibak hausnarketa estrategikoak egiten ari ginen, eta beraz, prozesu hauek baliatuko dira epe luzeagoko inpaktu horiek baloratzeko eta beharrezko aldaketa estrategikoak egiteko”.
Krisi ekonomikoak etorkizunean izan dezakeen eboluzioaren inguruan galdetuta, Otxandianok aipatu zuen oraindik goiz dela aurreikuspenak egiteko, eta, edozein kasutan, bere ustea dela susperraldia ez dela abiadura berean gertatuko munduko toki bakoiztean. “Ez gara modu homogeneoan aterako krisitik. Dagoeneko, Txinako gure lantegietan ikusten ari gara aktibitatea normaltzen ari dela, eta krisi aurreko mailetara hurbiltzen ari garela, baina, ziurrenik, Europan denbora gehiago beharko dugu krisi aurreko aktibitate maila berreskuratu ahal izateko”.
Iturria: Naiz Irratian egindako mahai-ingurua