Leire Okaranza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak euskarak eremu profesionalean duen presentziari eta etorkizunari buruzko mahai-inguruan hartu zuen parte, atzo, maiatzak 14, Udaltop ekitaldian. Euskara eremu sozioekonomikoan: egingo dugu apustu? Zer eta nola egin beharko genuke? izenburuarekin, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea izan zituen mahaikide, Pilar Kaltzada kazetariak gidatutako saioan.
Alarma-egoeraren ondorioz, bi egunetarako aurreikusitako ekitaldia goiz batera mugatu zen, eta online egin zen emanaldia. Jon Sarasuak ireki zuen saioa, eta euskarak eremu sozioekonomikoan dituen erronkak planteatu zituen. Agirre Lehendakaria Centerreko Leire Canciok egindako azpimarraren ostean hasi zen mahai-ingurua.
Euskarak eremu sozioekonomikoan behar duen presentziari buruzko zenbait klabe eman zituzten hizlariek. Besteak beste, Okaranzak azpimarratu zuen, “batetik, hezkuntzan eragin behar dugu, etorkizuneko profesionalak trebatzeko; bestetik, gaur egungo lan-esparruak prestatu behar ditugu euskaraz aritzeko. Uste genuen, belaunaldi aldaketarekin, alegia, euskaraz alfabetatutako ikasleekin, aldaketa automatikoki gertatuko zela. Esperientziak erakutsi digu ez dela hala izan, eta prestatu egin behar gara. Ondorioz, arlo sozioekonomikoan euskara integratzeko diskurtso berriak behar ditugu”.
Covid-19aren ondorioz eraikitzen ari den errealitate berria, euskara lan-eremuan indartzeko “abagune bat” dela defendatu zuen Okaranzak. “Fagor Taldean ondo dakigu garai zailak pasata ere, egunak argitzen duela. Etorkizunak paradigma berriak dakarzkigu, lehentasun berriak markatu beharko ditugu, eta euskara ezinbestekotzat jotzen dugu etorkizuneko lan-harremanetan”.
Fagor Taldearen balio nagusietako bat lan-harremanen giza-ikuspegia zaintzea izanik, euskara da gure komunikaziorako lanabes nagusia, eta haren zainketan dihardugu.
Ekitaldi guztia sarean dago ikusgai: