Skip to main content

Konfinamendua arintzeko 1. fasea abian da maiatzaren 11tik. Fagor Taldeko kooperatibek lanean segitzen dugu, itxialdiaren aurreko aktibitatera hurbiltzeko bide luzean. Gure kooperatiben jarduna ez da inoiz erabat eten, eta une bakoitzeko arauen arabera mantendu dugu gure jardunaren zati bat.

Pertsonen ongizatea da gure lehentasuna, eta Fagor Taldeko kide guztien osasuna bermatzeko, laneko arriskuen prebentzioan aritzen den Osarten kooperatibaren jarraibideak eta gomendioak ari gara jarraitzen. Beharraren arabera, zenbait protokolo, neurri eta gomendio jarraitzen ditugu.

 

Etxetik egiteko moduko lan eta egiteko guztiak dagoeneko gure hiztegian dagoen telelanaren bidez egiten ditugu. Bisitak eta bidaiak, momentuz, bertan behera gelditu dira, eta bilerak komunikaziorako aplikazio digitalen bidez egiten ditugu. Horrez gain, kontuan hartu ditugu, dituzten ezaugarriengatik, egoera zaurgarrian dauden pertsonak.

Lantegietara eta bulegoetara ezinbestean doazenek egunero jarraitzen dituzte zenbait pausu. Instalaziotan sartzean tenperatura hartzen zaio langile bakoitzari, eta guztiek maskararekin egiten dute lan. Pertsonen arteko gutxieneko distantzia mantentzeko egokitu dira gelak eta nabeak. Horrez gain, jende askoren kontzentrazioa saihesteko, sarrerako eta irteerako ordutegiak egokitu egin dira. Garbiketa- eta desinfektatze-protokoloak ezarri dira, eta egunero behar adina aldiz garbitzen dira erabilitako instalazio guztiak.

 

Lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiegu Osarteneko kideei, gure osasuna bermatzeko prestatutako araudi zehatza eta garbia helarazteagatik. Fagor Electronikako lagunek joan zen astean gogorarazi ziguten moduan (bideoari lotura), aurki argituko du egunak. Guk lanean segiko dugu, Fagor Taldea osatzen dugun kideon segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.