Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatiba maskara kirurgikoak egiteko makinak ekoizten ari da, gero, Bexen Medical enpresak maskarak egin ditzan. Hilero, 10 milioi maskara kirurgiko ekoiztea da asmoa.
Pasa den astean, helburu garbi batekin egin zien Medikamentuen Espainiako Agentziak Covid-19ari aurre egiteko maskara kirurgikoak ekoizteko eskaera enpresa biei: “ahalik eta denbora gutxienean, ahalik eta maskara kirurgiko gehien ekoiztea”.
Eskaera jaso bezain laster hasi ziren lanean, eta astebetera, proiektua dagoeneko martxan dago. Hala, Mondragon Assemblyk ekoitziko dizkion makinei esker, Bexel Medicalek apirilaren bukaerarako hilean 10 milioi maskara egiteko gaitasun produktiboa edukitzea aurreikusten da.
Mondragon Korporazioko kide diren bi kooperatiba hauen ezagutzatik dator eskaria; Bexen Medical-ek osasun arloko osagaien ekoizpenean duen urteetako esperientziatik, eta Mondragon Assemblyk, horrelako produktuak egiteko gai diren makinak ekoizteko duen ahalmenetik.
Albistearen eguneraketa (2020-03-31)
Bexen Medicalerako ekoitziko dituen hiru makinez gain, laugarren bat ere egingo du Mondragon Assemblyk Espainiako Gobernurako.
Fagor Taldeari buruz:
Fagor Taldea euskal kooperatiba talde industrialetan handiena da. Teknologikoki zein sozialki aurreratuak diren 8 kooperatibek osatzen dute, eta arlo ezberdinetako soluzioak eskaintzen dizkie mundu osoko enpresei.
Fagor Taldeak beti izan du gizarte erronkei erantzuna emateko eragile ezberdinekin lankidetzan aritzeko bokazioa, eta osasun krisia lehertu zenean, Taldea osatzen duten kooperatibek barne azterketa bat egin zuten egoera honetan laguntzeko egin zezaketen ekarpenaren inguruan. Ekimen hau horren adibidea da.