Skip to main content

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin batera, Kooperatiben Kontseiluaren eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren aitortza jaso dute Amaia Agirre Aramburu Fagor Taldeko idazkari orokorrak, Amaia Salbide Mutiloa Copreci kooperatibako lehendakariak eta Idoia Apraiz Tellechea Galbaianeko lehendakariak, lidergo karguetan egindako ibilbideagatik. Horrez gain, Mondragoneko kooperatibetako beste zenbait emakume zuzendari eta presidente aitortu dituzte.

Guztira, euskal kooperatibetako 76 emakume bildu dira Gasteizko (Araba) Goiuri jauregian, eta 34 izan dira aitortza jaso dutenak. Kooperatiben Nazioarteko urtea dela eta, ospakizun berezia egin dute. Bide beretik, kooperatiben lekua eta botere eraldatzailea azpimarratu ditu ekitaldiaren goiburuak: Eraldatzeko lidergoan. Kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago.

Ekitaldi horren bitartez, haien lidergo karguetatik “gizarte solidarioago eta bidezkoagoa” eraikitzen ari diren emakume zuzendari eta presidenteen lana ikusarazi nahi izan dute. Konfekoopeko presidentea den Rosa Lavin Ibarrak azaldu duenez, emakumeen konpromisoa ezinbestekoa izan da kooperatibismoa garatu eta indartzeko, dauden oztopo sozialak gaindituz.

Gainera, Kooperatiben Kontseiluko Belen Balerdi Ozaeta idazkari nagusiak azpimarratu du emakumeen lidergoa berrikuntzaren eta eraldaketaren sinonimoa dela. “Tradizioz gizonezkoenak ziren sektoreetan emakumearen presentziak bilakaera handia izan du azkeneko urteotan. Beraz, argi dago kooperatibismoa oso tresna indartsua dela genero-berdintasunerako”, gaineratu du.

Aitortza jaso duten Fagorreko ordezkaritzako kideak:

Fagorreko ordezkaritza