Nekane Errasti Lozares
Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritzako koordinatzailea. Formazioz, ingeniaria, eta, gaur-gaurkoz, MGEPko Koordinazio Orokorreko taldeko kidea.
Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritzako koordinatzailea. Formazioz, ingeniaria, eta, gaur-gaurkoz, MGEPko Koordinazio Orokorreko taldeko kidea.
Behetik gora eta goitik behera Deba ibaiak zeharkatuta, gure bailara, bailara berezia da. Berezia zentzu askotan, esaterako, bere orografiari dagokionez; bailara estua, herrien hazkunde eta garapena mugatzen duten mendi tontorrez babestua. Edo bailarako herritarron aberastasunari erreparatzen badiogu, Deba Garaiako errentak nagusitzen dira, Donostialdekoen atzetik, baina Bizkaia edo Arabako batez bestekoaren gainetik (Eustat, 2022). Eta nola ez, gure jardun ekonomikoari begiratuz gero, jarduera industriala da nagusi, eta, nola ez, Kooperatiben dentsitatean ez dago itzalik egiten digun bailararik. Azkenik, ba al da gure bailararen dimentsioko besterik zeinak Unibertsitate bat ere baduen? Zorionekoak gu!
Baina zorion eta poz honek ez digu beti iraungo; jakina da piramide demografikoa buelta hartu zorian dela, populazioa zahartzen ari da eta jaiotzeak ez dira nahikoak piramidea bere horretan mantentzeko. Datu bat: 2024 eta 2040 urtera bitartean, lan egiteko adinean dauden 7.000 gazte gutxiago izango ditugu (Lanbide, 2024). Honi gehitzen zaio, ZTIM (Ingeleseko STEM hitzaren euskal bertsioa; Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak) lanbideen zaletasuna behar bestekoa ez izatea, eta gazteak, neskak bereziki, bestelako lanbideetarako prestatzea. Hau horrela, bi galdera sortzen zaizkit. Egin al dugu egoera honekiko hausnarketa gure erakunde eta enpresatan? Eta, hala bada, zein ekintza plan jarri dugu abian?
Ezagutza teknologikoaren sormena bultzatzea eta hori gazte eta profesional prestatuen transferentziaren bitartez gizarteratzea da Mondragon Unibertsitatearen eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren misioa; enpresa eta erakunde, herri, bailara eta lurralde ezberdinen garapena eta eraldaketa ahalbidetzeko. Baina gure misioa betetzeko gazte nahikorik ez badago, nola beteko dugu? Mondragon Unibertsitatetik ezin dugu populazioaren hazkundean eragin, baina bai ekarpena egin, ZTIM bokazio eta lanbideen bistaratzea eta erakargarritasuna landuta. Horregatik, badira pare bat urte MONDRAGON ZTIM-Hub ekimena abian jarri genuela MONDRAGON eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Ekimen honen bitartez, gure bailarako eragile ezberdinak elkartu eta elkarrekin lanean jarri nahi ditugu; enpresak, ikastetxeak eta bestelako gizarte eragileak.
Enpresek ateak ireki ditzaten nahi dugu eta gazteak bertara joateko aukera izatea; ez soilik enpresa eta haien produktu edo prozesuak ezagutzeko, baizik eta bertan dauden profesionalekin solasaldian, horietan garatzen diren lanbideak eta zereginak ikusi eta ulertu ditzaten.
Paraleloan, ikastetxeekin lanean ari gara. Kontziente gara ekimen isolatuen bitartez emaitzak lortzea oso zaila dela, horregatik, ikastetxeekin, eta beti beraien estrategiarekin lerrokatuta, ZTIM ibilbideak diseinatzen ditugu; non ekintza eta baliabide ezberdinen bitartez gazteei begirada ireki nahi diegun; ZTIM lanbideak bistaratuz alde batetik, eta ZTIM bokazioak sustatuz bestetik, benetan sinesten baitugu, ZTIM lanbide eta bokazioetatik haratago, hauen oinarrian badaudela hainbat balio eta konpetentzia, ezinbestekoak direnak gazteen garapen pertsonal eta profesionalean, eta, noski, etorkizunean integratuko diren enpresa eta erakundearen garapenean.
Kasu honetan, pentsamendu kritikoaz, sormenaz, lankidetzaz edo eskuzabaltasunaz ari gara. Horiek oso presente daude aipaturiko ibilbideen baitan planteatzen ditugun ekintza eta baliabide guztietan; teknologia tailerrak izan, erronka teknologikoak izan, enpresatara bisitak, jarduera interaktiboak, hitzaldiak edo erakusketak izan.
Urtero, ehundaka gazterekin egiten dugu lan, zuzenean unibertsitatean, beraien eskolekin edo MONDRAGON ZTIM-Hub proiektura batu diren enpresa eta erakundeekin batera.
Gure bailara gaur dena, gure aurretik egon zirenek helburu garbi batekin zituzten baliabideak kudeatu zituztelako eta lan egin zutelako da, eta etorkizun hurbilean izango dena, guk egingo dugunak definituko du, gure esku dago. Gu lanean hasiak gara, eta zu?