Skip to main content

Euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakutsiriko normalizazio-maila aitortuz, goi-mailako Bikain ziurtagiria eman die Eusko Jaurlaritzak Fagor Taldeko kide diren Fagor Arrasate, Fagor Automation, Fagor Electrónica, Copreci eta  Mondragon Assembly kooperatibei, eta Koniker ikerketa zentroari -Fagor Arrasate eta Mondragon Assemblyren ikerketa zentroa da-. Fagor Ederlanek eta Onnera Groupek iaz jaso zuten goi-mailako Bikain ziurtagiria. Fagorreko ordezkaritza zabala izan da ziurtagiri banaketa ekitaldian.

“Goi-mailako Bikain kalitate-ziurtagiria dute Fagorreko kooperatibek. Aurtengoak, jauzi esanguratsua dakar, bost baitira ziurtagiria jasotzen duten kooperatibak, eta ikerketa zentro bat. Euskaraz lan egiteko erabakiak eta urteetan zehar hartutako neurriek eta eginiko inbertsio handiak badituzte emaitzak. Bikain moduko aitortzek aukera eskaintzen digute bidean egindakoa eta egingo dena balioan jartzeko”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidenteak.

Euskararen normalizaziorako pausoak egiten dituzten “ahalik eta entitate gehienen” aitortzea du xede Eusko Jaurlaritzak Bikain ziurtagiriarekin, “euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara hel dadin”. Oro har, kalitate-zirutagiriaren bidez, euskarak erakundeen jardueran eta kudeaketan duen garapen-maila ebaluatzea, egiaztatzea eta aitortzea bilatzen da.

2008an sorturiko Bikainek hiru maila ditu, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa oinarri: oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa. Besteren artean, zerbitzuari (irudia, bezeroekin harremana…) eta lan eremuari (kudeaketa, barne komunikazioa…) dagozkionak baloratzen ditu epaimahaiak. Aurten, 34 ziurtagiri banatu dira.