Fagor Taldeko kide diren kooperatiben bilakaerak eta nazioarteko presentziak hizkuntza kudeatzeko irizpideak eguneratu beharra eragin dute, egunerokoan erabili beharreko hizkuntza bakoitzari bere funtzioak aitortzeko. “Euskararen normalizazioak, munduan eta merkatu globaletan jardun arren, euskaraz sortzen jarraitu ahal izatea du helburu. Horretarako aukera berriak eskaintzen dituzte hizkuntza teknologiek. Adibidez, barneko komunikazio ekintzei begira, edukiak euskaraz sortzeko eta zabaltzeko aukera legoke, ulermena mugatua duen hartzaileari, baliabide teknologikoak eskainiz, horiek itzultzeko aukera emanez. Jauzi esanguratsua egin nahi da bide horretan, edukiak euskara hutsean sortu eta zabalduz, beti ere, Taldeko kide guztien ulermena bermatzeko bitartekoak eskainita”, azaldu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko buruak.
Euskararen normalizazioari dagokionez, 2024-2029 epealdirako estrategia definitu berri du Fagor Taldeak, eta, marko horren baitan, elkarlanerako hitzarmena sinatu du Trebe Language Technologies enpresarekin, Taldeko kooperatibetan, erabilera monitorizatu eta koordinatu baten bidez, hark landuriko itzulpen plataforma erabiltzeko. Hitzarmenak, urtebeteko iraupena izango du. Tarte horretan, kooperatiba bakoitzean aukeratutako pertsona jakin batzuek erabiliko dute itzulpenerako tresna, ostean hedapen orokorrago baterako oinarriak zehazteko helburuarekin.
Fagorrek duela 25 urte heldu zion ofizialki euskararen normalizazioaren aldeko erronkari, lehen euskara plana sortzean -ordurako, kooperatiba taldean baziren euskararen aldeko bestelako ekinbideak, eta Taldeko kide ugari ari zen herrietako euskalgintza eragileekin elkarlanean-. Orduantxe hasi zuen gaztelaniaz lan egitetik euskaraz lan egiteko bidea. Egun, honelaxe dio Fagorren euskararen misioak: “Fagor taldeak euskaraz lan egiteko bidea egiten, hizkuntzak kudeatuta, euskarari espazio propioak bermatuko dizkio”. Bide horretan, euskararen normalizaziorako bitarteko eraginkorrak eskaintzeko konpromiso irmoarekin jarraitzen du, euskara kooperatibetan lan hizkuntza izan dadin.