Kristina Pavo Nuñez
Euskara aholkularia. EMUN kooperatiba.
Orain dela 25 urte, Fagorrek euskara planak jarri zituen martxan, lan mundua euskalduntzeko beharrari erantzuteko. Gainera, garai hartan sustatzaile izan ziren kooperatibetako lehendakari batzuek intuizio bat izan zuten: euskara planek euskara indartzeaz gain, kooperatibetan beste ekarpen batzuk ere egingo zituztela.
Emunek duela pare bat urte Gehi ikerketa jarri zuen martxan. Ikerketa horretan euskara planen ekarpen hori egiaztatu nahi izan da, Eika, Ikerlan, Danobat eta Fagor Electronicako kasuak aztertuz, eta esperimentazio interbentzioak ere abian jarriz euskara planen ekarpen horiek handitu asmoz.
Galdera zera da: euskara planak lehiakor bilakatzen al du enpresa? Lehiakortasuna diogunean, bere adiera zabalenari egiten diogu erreferentzia: arlo ekonomikoari, sozialari eta ingurumenekoari, hain zuzen ere. Faktore ugari daude enpresa baten lehiakortasunean eragiten dutenak, eta euskara planek faktore horietako askori egin diezaiokete ekarpena. Hori izan da hipotesia eta egiaztatu beharrekoa.
Hala, aipatutako erakundeetan ikerketa eginda, ondorioztatu dugu euskara planek, besteak beste, aldagai hauetan egiten dutela ekarpena: langileen parte hartzean, elkarlanean, langileen ongizatean eta gogobetetzean, kolektibotasunean eta baita gizarte erantzukizunean ere.
Enpresaren kudeaketari berari, adibidez, kudeaketa integral bati begira, euskara bezalako gai sozial bat kudeatzeak, zeharka jorratu beharreko gaiak lantzeko moduak praktikatzera eramaten du enpresa.
Edo euskara batzordeetan eta euskara planeko hainbat ekintzetan langileek parte hartzen dutenean, eta ondorioz, enpresako proiektu batetako parte diren neurrian, horrek eragin egiten du langileek enpresarekiko daukaten atxikimenduan, kolektibotasunean eta euren gogobetetzean.
Beraz, zuzen zeuden orduko lehendakari haiek; gaur esan dezakegu enpresak lehiakorragoak direla euskara planei esker.