Barne komunikazioa hobetzeko bideak aztertzen eta bitartekoak eskaintzen dihardugu Fagor Taldetik azken urteetan, euskarri eraginkorrak eskaini eta gehiegizko informazioa saihesteko saiakeran. Bide horretan, urtarriletik aurrera ez duzu Aplanet hornitzailearen bidez duela zenbait urte abiaraziriko Fagor Elkarrekin plataformaren bidezko mezurik jasoko. Horrek ez du esan nahi, dena den, Fagor Elkarrekin ekinbidea desagertzen denik. Hari dagozkionak helarazteko azken urteetan erabili den aplikazioa erabiltzeari utziko diogu, besterik ez. Aurrerantzean, buletin berezien bidez helaraziko dizkizugu orain arte Fagor Elkarrekin plataformaren bidez bidalirikoak. Era berean, informazioa kooperatibetara helarazteko, kartelen eta pantaila irudien erabilera indartuko dugu.
Azken hilabeteetan barne komunikaziorako bitartekoen eraginkortasunaren inguruan egindako hausnarketaren emaitza da aipaturikoa. Oro har, Fagorreko kooperatibetako kideei euskarri gutxiago helarazteko eta daudenen eraginkortasunean sakontzeko hautua egin dugu. Ekimenen araberako barne buletin bereziak helaraztea da horren emaitzetako bat. Zehatz esanda, hilabeteko azken asteazkenean e-postara bidali ohi dugun barne buletinaz aparte, Fagor Elkarrekin, Fagor Herrigintza edota Fagor Mugi buletin bereziak bidaliko dizkizugu -besteak beste, diseinuagatik bereizi ahal izango dituzu-. Haren aterkipean abiaraziriko kanpainak, ekimenak… barnebilduko du horietako bakoitzak. Buletin horiek jasotzen jarraitzea nahi ez bazenu, aukera zenuke harpidetza bertan behera uzteko.